argia.eus
INPRIMATU
Markos - PAM
"20 urte daramatzagu eta arrakastarik izan ez arren, konposatzen jarraitzeko ilusioa daukagu"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 06a

Askotan esaten da musika ez dela matematika, ezin dela neurtu… Zer eman dizue musikak?


Egiten duguna musika da. Matematikarekin guztia azaldu daiteke, baina nahiago dugu guztia esplikatuta ez egotea. Musikan 20 bat urte daramatzagu eta arrakasta handirik izan ez arren, konposatzen jarraitzeko eta bide berriak bilatzeko ilusioa daukagu oraindik. Musika gure bizitzako zati garrantzitsua da.

Bitxia da kanturik kantu abesteko erregistroak asko aldatu izana...


Bai, hirurok abesten dugu tarteka; are gehiago, guztiok egiten ditugu musika eta hitzak. Kantuaren, estiloaren eta tonuaren arabera banatzen ditugu.

Euskara zikiña. Euskarak ez du gauza guztietarako balio?


Irati Jimenezek Berrian idatzitako zutabe batetik hartu dugu. Euskara garbia eta zuzenaren aurrean, bestelako euskara ere aldarrikatzen dugu: hau da, euskara komunikazioaren esparru guztietan baliagarria izan dadila. PAM taldean beti abestu dugu euskaraz, eta iraganean izan ditugun talde gehienetan ere.

Erantzun guztiak dira abestiak...


Musika asko gustatzen zaigu, musika egiteko grinari eusten diogu; eta rockaren munduan itxurakeria asko dagoen arren, garrantzia ematen diogu sentitzeari eta gauzak gure kabuz egiteari.

“Sormenari klausura egoki datorkio”. Hala pasa dituzue bi urte diskoa egiten?


Ez. Zoritxarrez ditugun lanek asko mugatzen gaituzte, eta astean behin bakarrik elkartu ahal izaten gara. Diziplina hori ezartzea erabaki genuen, eta bai, disko hau mimatu egin dugu konposizioan eta soinuan.

Gaur egun oso ohikoa bada ere, PAM taldeak beti aukeratu du autoekoizpena...


Hala da. Aurretik izan genituen taldeetan konturatu ginen prozesu guztia guk egin dezakegula. Lokalean bertan grabatzen dugu, fabrikara guk bidaltzen dugu... Zailtasun bakarra edo handiena banaketa da; horregatik hor akordioak egiten ditugu beste batzuekin.