Astalorea ez, noski, baina babalorea eta azalorea fruitua eta haziaren aurrekoak dira. Beren katea ez eteteko oinarrizkoa du lorea landareak, eta nekazariak badaki: loratzea nolako uzta halako. Mendetan zehar etengabe landu da loraketaren hobekuntza, batik bat toki bakoitzeko ingurunearen baldintzen mugetara egokitzea. Eta jarraitu egiten du.
Sevillako unibertsitate batean, esaterako, landareak lorea noiz eman menderatu nahian dabiltza. Laborategietan erruz erabiltzen diren landare bat, Arabidopsis thaliana, eta alga bat, Chlamydomonas, dituzte eskuartean. Landarea Euskal Herri osoan bizi bada ere, ez diot ez bertako izenik ez inolako erabilpenik ezagutzen. Espainia alde horretan, baina, ederki dantzatu dute.
Gutxi gehiago, duela 500en bat milioi urte, ordulari zirkadianoan edo biologikoan eta egunaren argi ordu kopuruan funtsa duen bizitza-zikloa garatu zuten algek. Funts horri eutsi diote orain arte, bai algek baita haien ondorengo zuzenak diren landareek ere. Ordulari biologikoa landarearena berarena da, endogenoa, eta bizi den inguruan gertatzen diren gorabeheren erara egokitzen da. Oraingo honetan, Current Biology-n argitara eman dutenez, algaren gene bat landareari txertatu diote. Gene horrek, inondik ere, landarea hazte soiletik loreak irekitzera igarotzea bultzatzen duen proteina baten tankera du, eta ondorioz, landarearen loraldia behar baino lehenago gauzatu da. Loraldia nahi ahala maneiatze honek ikaragarrizko aukerak irekitzen ditu nekazaritzan. Tomatearekin eta arrozarekin ari dira lanean, lorearen sasoia nahierara aukeratuz uztan etekin hobeak izateko, batetik, eta haziak noiz eman erabakitzeko aukeran, bestetik. Behingoagatik, geneak eraldatuz txanpon hots hutsak ez diren helburu onak ere izan daitezkeela, alegia. Adi ordea, denon bizitzan oinarrizkoa den ordulari biologikoa mugituz...