argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2009ko martxoaren 11

Itziar Ruiz de Erentxun izango da Arabako Arkeologia Museoko arduradun berria. Artearen Historian lizentziatua, Fournier Karta Museoko zuzendaria ere bada. Hala, Arkeologia Museoa eta Karta Museoa jasoko dituen Bibat eraikinaren arduradun izendatu dute. Amelia Baldeon zen gaur arte Arkeologia Museoko zuzendaria. Arabako Kultura diputatuak Baldeon jo du Iruña-Veleiako auziaren erantzuletzat, eta kargutik kendu du. Armen Museoko teknikaria izango da aurrerantzean.

 

Bakartxo Arrizabalaga izango da Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) lehendakari berria datozen bi urteetan. Oskar Aranaren lekukoa hartuko du.

 
 

Jaime Rosales zuzendari kataluniarraren Tiro bat buruan pelikulak jaso du 2008ko filmik onenaren Fotogramas de Plata saria. Hautaketa egiteko, Fotogramas aldizkariak 42 kritikariren iritzia eskatu du. Euskal gatazka oinarri, forman eta edukian ausarta eta berritzailea da Rosalesen azken lana. Donostiako Zinemaldian estreinatu zen iaz, eta harrera gazi-gozoa izan zuen: ETAkidea (protagonista) humanizatzea eta elkarrizketarik gabeko istorioa egitea izan ziren polemika handienen iturri.