argia.eus
INPRIMATU
ETB
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
EAEko erdal telebista izan nuen hauteskundeetako berriemaile, ETB1ekin aldizkatuta. Erdarazkoan adituen artean aurpegi ezagun bat neukan, urteek puztuta eta bisaia lasaituta. TVE1etik eta RNE irratitik nuen ezagun, informatiboetako buru zen. Franco hil ostean egin zen PSOEkoa. Eduardo Sotillos bera. Baina bereziki, Felipe Gonzalezen lehen agintaldiko Espainiako Gobernuko prentsa bulegoko arduraduna zelarik dut gogoratzen. GAL. Iparraldean egin zituen krimenak, eraildakoak jende ezaguna gehienak eta lagunmin bi akabatu zituen garaiak ekarri zizkidan akordura, gobernu haren bertsio ofizialek erraiak zulatzen zizkiguten garai haiek. Beraxe zen, komunikatuak aurpegi maskarrez, bere ahots profesionalaz irakurtzen zituen bera. Eta hor ikusten nuen ETB Dosen eskarmentuzko demokrata legez, gobernu hartako terroristen zuritzaile profesionala izandakoa, hemen, gurean, aldaketa aldarrikatzen, autonomia nazionalismoarekin nahasten, nazionalismo estatala goratzen. Nork ote du ETBn hori kontratatu izanaren ardura? Ez ote du memoriarik? Ahanzturak jota bizi ote? Eta mahaiko lagunek ez zioten deus gogarazi, Euskadiko jendea abegitsua da kanpotarrekin.