argia.eus
INPRIMATU
Emakumeak greban?
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Martxoaren 8an, beste behin ospatu zen emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Aldarrikapen eta festa ekitaldi ugarik jantzi zuten egun hori Euskal Herrian eta mundu osoan. Diskriminazioaren kontrako eta berdintasunaren aldeko borroka izan dira guztien aldarrikapena. Zeren eta emakumeak diskriminaturik jarraitzen du gizartean, enpresetan eta familian bertan ere. Emakumeak desberdintasunaren ondorioak jasaten jarraitzen du gizartean: langabezia, prekarietatea, eta abar. Emakume izateagatik etxeko lanetara dago bazterturik familian, eta ez du horregatik inongo soldata ezta gizarte laguntzarik jasotzen. Emakume izateagatik zailtasun gehiago dauzka ardura politiko, ekonomiko eta sozialak dituzten lanpostuetara heltzeko.

Testuinguru horretan, ekimen originala eta interesgarria sortu du Emakundek: Emakumeak greban. Hurrengo hiru hilabeteetan hausnarketa eta eztabaida sortu nahi du ekimenak. Zer pasako litzateke etxeko andreek greba egingo balute? Kontuan izan behar da etxeko lana –gehienean emakumeen bizkarrean dagoena–, Barne Produktu Gordinaren %32,8 izan litekeela. Horrelako greba batek ondorio katastrofikoak izango lituzke dudarik gabe, bai familientzat, baita gizartearentzat ere. Hala ere, larriena da emakume horien gehiengoa ez legokeela prest horrelako greba bat egiteko, hainbeste mendeko matxismoak zamaturik baitaude. Eta gizonek ere, gehienean, ez lukete onartuko. Batzuok eta besteok kontzientziazio handiagoa behar dugu. Eta horretarako aldaketa erradikala behar da, politikan, ekonomian, gizartean eta baita hezkuntzan ere. Aldaketak gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna bermatu beharko luke. Emakunderen ekimenak, sindikalgintzako eta gizarteko beste erakunde askorenak bezala, horretan lagundu dezake.