argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko martxoaren 11

Kiti Cancel, Zirko Ttipia taldeko kideak Aizu! aldizkarian: "Nire ustez, badago gauza bat zenbait adierazpenek, futbolak barne, komunean dutena: momentu batean, leku batean, jende multzo batek emozio bera sentitzea. Eta hori zirkuak ematen dizu, futbolak beste era batera ere ematen du, baina bideo-jokoek ez dute hori ematen. Eta nik uste hori, emozioak konpartitzea, oso garrantzitsua dela gizakiontzat (...) Krisi garaian, leku guztietan, zer edo zer soberan baldin badago, lehenengo gauza kultura izaten da. Luxuzko jarduera da, gizarteak ez du beharrezko ikusten. Orduan, biak [umeentzako antzerkia eta helduentzakoa] ateratzen dira kaltetuak".

 

Xabier Zabaltza historialari eta saiakera-egileak Euskonews & Media agerkari elektronikoan: "Agosti Xaho erromantiko bat zen. Ez zen intelektual bat, ‘sentimental’ bat baizik eta, beraz, ezin zaio pentsamendu egituraturik eskatu. Dena dela, kontu batzuetan izugarrizko aldeaz irabazten dio Sabinori: tradizio liberalaren onarpenean, katolizismo atzerakoiarekiko hausturan, euskara jatorraren erabileran, literaturaren eta folklorearen ezagutzan, Euskal Herri osoaren batasun-sentimendu garbian (‘bizkaitarkeriarik’ gabe, baina baita ‘nafarkeriarik’ edo ‘zuberotarkeriarik’ gabe ere)... Beste kontu batzuk baztertzekoak dira. Adibidez, Xaho heriotza zigorraren aldekoa zen eta Espainiarekiko mespretxuari dagokionez ere ez zen fin ibili (Xaho, azken batean, frantsesa zen)".

 
 

Jabi Elortegi zinema zuzendariaren hitzak jaso ditu Berriak: "Badago jende bat euskal zinema ikusi nahi duena, eta nik uste dut zinema euskaraz jarrai dezakegunok 600.000 baldin bagara, eta 200.000 pertsonarengana iristen baldin bagara, nahikoa dela; Espainian egiten diren filmak ere ez dira askoz gehiagorengana iristen (...) Erakundeen aldetik laguntza handiagoa egon behar dela uste dut. Orain, ez dago handiegirik. Ikusten da bost urtean lau film egin direla".