argia.eus
INPRIMATU
“Olé olé olé, Galicia es del PP”
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2009ko martxoaren 08a
Leloa ozen kantatu zuten igande gauean popularren hainbat jarraitzailek, Madrilgo Génovako egoitzan. Eta arrazoi dute: inkestak eta aurreikuspenak gaindituz, eta erronka zaila bazuen ere, PPk gehiengo osoa erraz lortu du Prestigeren lurraldean. Hauteskunde autonomikoetan inoiz izandako parte-hartzerik handiena egon da (%70,46), duela lau urte baino bi puntu gehiago, eta marea urdina gailendu da: hiri guztietan irabazi du alderdi popularrak. Galiziarrek ez dute aldaketa bozkatu, lehenera bueltatzea baizik, azken legegintzaldiko Gobernua –Partido dos Socialistas de Galiciak eta Bloque Nacionalista Galegok osatua– gaztigatuz.
2005ean haize berriak iritsi ziren kaioen gotorlekura. Hamasei urteko fragismoaren ostean, PSdeG eta BNG alderdiek indarrak batu zituzten PPri Xuntaren agintaritza kentzeko. Diputatu bakarrari esker gailendu zitzaizkion. Baina Emilio Pérez Touriño sozialistaren presidentziapean igarotako lau urteotan, Gobernuak ez du lortu herritarren konfiantza mantentzea eta galdu egin du estreinako azterketa. Parlamentuko 75 aulkietatik PPk 39 eskuratu ditu, PSdeGk 24 eta BNGk 12; Rosa Diezen UPyD alderdia izan da laugarren bozkatuena.
Gehiengo eroso hori lortzeko, merituak egin ditu Alberto Núñez Feijóo popularren hautagaiak. Manuel Fragaren itzal luzea desagertzea lortu du –presidente ohia Madrilgo Senatura eraman izanak lagundu du, noski–, eta bere diskurtso agresiboarekin eskuineko indarrak batu ditu. Asmo horretan, Galicia Bilingüe taldeak salatzen duen “gazteleraren marjinazioa” aprobetxatu du Feijóok, eta zalaparta ugari eragin du azkenaldian hizkuntzaren gaiarekin. Atzerapausoa, inondik inora, Fragak berak zaindu beharreko kultur ondaretzat baitzuen galiziera. Halaber, Mariano Raxoiren laguntza ere ez zaio gaizki etorri presidente berriari. Raxoik kanpaina sutsua burutu du bere jaioterrian, kasik hautagaia bera bailitzan, eta bere lidergoa indartuta atera da hauteskunde hauetatik.
Datorren lau urteotarako, galiziarrak ohituta dituen panorama errepikatuko da beraz: PP izango da Xuntan, eta beste inongo babesik gabe gobernatu ahal izango du. Erronka nagusia, kanpainan etengabe errepikatu duten krisi ekonomikoari aurre egitea. Azken asteotan, Vigoko Citröen enpresa erraldoiko arazoek beldurrak airean dituzte hortik bizi diren milaka familiak. Ez du lan makala alderdi popularrak.