argia.eus
INPRIMATU
Brabo, Sorrentino
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2009ko martxoaren 03a
Il divo
Il Divo. Zuzendaria: Paolo Sorrentino. Aktoreak: Toni Servillo, Anna Bonaiuto. Italia, 2008. 110 minutu.

Dagoeneko ez duzu Il divo zinema aretoetan aurkituko, baina badaezpada gomendatu egin nahi dizut, Interneten maltzurkeriaz filmak deskargatzen dituenetakoa izango zaren esperantzan.

Giulio Andreotti erretratatzea: ahor Paolo Sorrentino zer egiten saiatu den film honekin. Ez hori bakarrik; erretratuan berdin sartu nahi izan ditu ia mende erdiz Italiako politikaren hariak mugitu zituen gizontxoaren jarrera domestiko bitxiak, eta mafiarekin zeukan harremana; berdin erakutsi nahi izan ditu haren emazte xaloarekin izandako elkarrizketak, eta Andreottik ustez agindu zituen hilketak.
Gizon xelebre bat erakutsi digu pelikulak. Hitz gutxikoa, erabakietan ziurra, boterearen oreka mantentzeko edozer gauza egiteko prest legokeena –Aldo Mororen hilketaz, adibidez, ematen den bertsioa honakoa da, gutxi asko: Andreottik eta Francesco Cossigak utzi egin zutela hilketa hori gerta zedin–.

Filmaren momentu gogoangarrienetako batean Andreottik bere kontzientzia garbitzen du ispiluaren aurrean, emaztearekin hitz egiten ariko balitz bezala: “Ez dakizu zenbatetan jokatu behar den gaizki, egin ahal izateko ongia”.

Italiako historia politikoan oso jantzia ez dagoenak, beharbada, zailtasunak izango ditu momentu batzuetan filmaren haria jarraitzeko. Ez du laguntzen kontakizuna flash-back eta flash forwardez betea egoteak. Baina zalantzarik gabe, azken urteotan hain modan dauden biopicen artean ikusi dudan onena da Il divo. Eta asma nezake zergatik: helburua ez delako pertsonaia historiko baten bizitzako beltzak zuritzea, izaki mitologiko antzeko bat sortuz; helburua, hemen, pertsonaia erreal bat modu sinesgarrian fikzionatzea da. Eta ondo egina dago lana. Horregatik, berriro diot: brabo Sorrentino!