Zenbat geratzen zaizula kalkulatzen duzu?
Zure esku ez baldin badago, zertarako kalkulatu? Nire kontratua 2010eko uztailaren 31n bukatzen da... lehenago ERE bat etortzen ez bada.
Egongo da porrot elektoralaren errudun egingo zaituenik!
Suposatzen dut “aldaketa” horrenbeste entzuten den honetan, neu ere “pakete” barruan joango naizela. Gauza bera 2020ko Euskadiri buruz horrenbeste hitz egiten denean. Emango didazu lanik infernuan?
Pentsatzen hasi beharko duzu beharbada ez dela egia “hemen bezain ondo ez dela beste inon bizi”...
Mafaldak esan omen zuen “bada beste mundu hobe bat, baina oso garestia da”. Euskadin esan dezakegu badela mundu hobe bat, eta agian ez dela gurea bezain garestia.
Tira, zu lasai: maisu ez ezik, lagun handia duzu Iñaki Gabilondo!
Egunero ikusten dut haren
homilía Cuatro-n eta jarraitzen du onena izaten. Ardoak legez, irabazi egiten du urteekin. Baina lagunei ez zaie lanik eskatzen, adiskidetasuna apurtu nahi ez baduzu.
Ez zara erretoriko eta arrunta –EITBko askoren antzera–, ezta erretoriko eta preziosista ere –PRISAko askoren antzera–. Zorionak!
Gaiztoa zara gero! Zer da “arrunta” EITBn eta zer “preziosista” PRISAn... Ez dago kate bakoitzari dagokion estilorik, bakoitzak bere baliabideak bilatzen ditu eta, oro har, motxila bete egiten zaigu “makulu” eta aurrez sortutako esamoldez.
Baina batzuen ustez bazara –aurreko galderan neu bezalaxe– apurtxo bat pelota...
Batzuek nahastu egiten dute
pelota izatea edukatua izatearekin. Nik zera ikasi dut: galderarik arantzatsuena ere egiteko nahikoa zaizu bigarrena. Lehenengoarekin 2010eko uztailera arteko kontratua baino ez duzu lortzen.
Nola aurreikusten duzu Antonio Álvarez Solís-en eboluzio ideologikoa datozen hilabeteotan?
Ufa, hau da galderarik zailena, sorpresaz beteriko kutxa baita Antonio. Harritu nintzen Madrazoren ondoan ikustean,
Gara-n idatzi zituen artikuluak irakurri ostean, baina bizitza luzea da. Zer moduz Gazteria Zuzendari gisa hurrengo gobernuan?
Zergatik hainbeste bidaia –Kolonbia, Venezuela, Jerusalem– hemengo irratsaio bat egiteko?
Zergatik jartzen duzu horrenbeste musika ingelesez Euskadi Irratian? Suposatzen dut kanpokoa interesgarria dela. “Hemen bezain ondo ez dela beste inon bizi” ondorioztatzeko, konparatu egin beharko da... Ez al zen horrela?
Sukaldari aparta omen zara. Euskal sukaldaritza berriaren gorakadarekin batera hasi al zen Inperio Sabinianoaren dekadentzia?
Ez. Sukaldaritza berria frankismoaren dekadentziarekin jaio zen eta nazionalismoaren bigarren agintaldiarekin izan du bultzadarik indartsuena. Horregatik gorrotatzen ditu horrenbeste Rosa Díezek gure “mosketero” sukaldariak?