Tokio (Japonia), 1976. Sony elektronika konpainiak Betamax bideo formatua merkaturatu zuen. Urte horren amaieran, JVC konpainiak VHS (Video Home System) formatua aurkeztu zuen. Biak bideoa eta audioa grabatzeko eta erreproduzitzeko sistema analogikoak ziren, baina ez ziren bateragarriak, eta berehala hasi zen bien arteko gerra. 600 eurotik gora ordaindu behar ziren bata zein bestea etxera eramateko, eta hori dirutza zen duela 30 urte. Ez zen nolanahiko erabakia.
Gerra parekatua zen, bi tramankuluek antzeko ezaugarriak zituztelako –besteak beste, hamar kilo inguruko pisua–. VHS sistemak grabatzeko erabiltzen zituen zintak Betarenak baino luzexeagoak ziren: VHS zinta luzeenak 240 minutu zituen eta Betarenak hamabost gutxiago. Baina gainerako ataletan Betamax zen nagusi. Ia urtebete lehenago merkaturatu zen. Gainera, Sonyren sinadurak arrakastarako bermea zirudien; berehala etxe horrek walkman asmakizuna merkaturatu zuen, musikaren erreprodukzioaren munduan sekulako iraultza ekarri zuena, eta geroago CD formatua ere enpresa japoniarraren emaitza izan zen. Azkenik, audio eta bideo kalitate hobea eskaintzen zuen Betamaxek. Baina egia da abantaila hori gama altuko telebista eta bozgorailuetan soilik antzeman zitekeela.
1984an 2.300.000 Betamax ale saldu ziren munduan. VHSk salmenta horiek hirukoiztu zituen. Gerra galdua zuen Betak, Sonyk porrota 1988ra arte onartu ez zuen arren. Ordurako, VHSk merkatuaren %95a zuen. Gerora, azterketa ugari egin dira Betamax kasuaren misterioa argitze aldera.
1984an bertan, soilik hamabi konpainiek ekoizten zituzten Beta bideoak. Aldiz, 40 fabrikatzailek VHSaren aldeko hautua egina zuten. Hainbaten esanetan, Sonyk ez zuen hasieran bere teknologiaren lizentzia banatu nahi izan, baina konpainiako arduradunek hala izan zenik ukatu dute. Alokatzeko nahiz saltzeko filmetan ere alde handia zegoen ordurako, baina hasieran Beta eta VHS formatuko filmen kopurua parekoa zen. Beraz, datu hauek ezin ditugu VHSren garaipenaren kausatzat jo, ondoriotzat baizik.
Betaren porrotaren arrazoi nagusia ez dugu bideoklubetako erakusleihoetan aurkituko, apal ezkutuenetan baizik. Bideo erreproduzitzaileak etxeetan arrunt bilakatu zirenean, pornografiaren industriak izugarrizko gorakada izan zuen. JVCk pornografia banatzaileekin akordioak sinatzen trebea izan zen eta horrek askoz errentagarriago bihurtu zuen VHS formatua.
Eta, egun, Blu-ray eta HD-DVDren arteko gudua ere pornoak erabaki dezakeela dioenik bada.