argia.eus
INPRIMATU
Linea elektrikoak ez izozteko teknologia asmatu dute
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko otsailaren 24a
Linea elektrikoak izoztuta
Negu gorrian, batez ere herrialderik hotzenetan, garraio elektrikoko lineak izoztu egiten dira eta horrek, euren iraupena murrizteaz gain, arazoak sortzen ditu elektrizitate garraioan. Baina izotza linea elektrikoetan ez metatzeko sistema asmatu du AEBetako Ice Engineering LLCko eta Dartmouth College-ko ikerlari talde batek, Victor Petrenko buru.

Elektrizitatea garraiatzeko kableetan erresistentzia aldakorra ezartzea da asmakizunaren oinarria. Normalki, kableetan ahalik eta erresistentzia txikiena izatea komeni da; handia izanez gero, kablea berotu eta garraiatzen den energiaren zati bat bero moduan galtzen da.

Petrenko eta haren taldekideen arabera, asmatutako sistemarekin izotza sortzen ez den bitartean kableak oso erresistentzia txikia du, beraz oso energia gutxi galtzen da. Izotza dagoen egunetan berriz, sistema automatiko baten bidez kableen erresistentzia handitu egingo da, eta horrek energia gehiago galtzea eragingo du, bero moduan. Baina aldi berean, bero horrek kableak izoztea eragotziko du.

Saiakeraren lehen aplikazioa Errusiako Orenburg-eko linea elektrikoetan egingo da, baina horretarako egun dauden kableak aldatu beharko dira. Kontuan hartu behar da konpainia elektrikoek beren kableen %3 aldatzen dutela urtero. Beraz, sistema berria pixkanaka ezarriko da, konpainien mantenu-lanen barnean.