argia.eus
INPRIMATU
Infernutik
Jon Torner Zabala @jtorner 2009ko otsailaren 24a
From Hell
From Hell. Alan Moore & Eddie Campbell.
Planeta DeAgostini (Lehenengo edizioa: 2001).
620 orrialde, zuri-beltzean.


Londres, 1888. urtea. Prostituta batzuk hilik aurkitu ditu poliziak. Euren gorpuek estanpa beldurgarria osatzen dute: labanaz egindako ebaki ugari dituzte gorputz osoan, eta hiltzaileak tripak atera dizkie. Inork ez daki basakeria horien atzean nor dagoen, masoien elitea osatzen duten pertsonek salbu.

Irakurlea ere jakitun da. Badaki Ingalaterrako Erreginak agindu diola William Gull doktoreari emakume horiek akabatzeko, ezinbestekoa delako koroa zikindu dezakeen sekretua isilpean mantentzea. Tira, teoria hau Stephen Knight (1951-1985) idazle britainiarrak defendatzen zuen. Benetan gertatutako hilketa horiek aztertu dituzten aditu gehienak ez datoz bat berarekin. Ezta Alan Moore idazlea eta Eddie Campbell ilustratzailea ere, baina istorioa kontatzeko abiapuntu interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten.

From Hell nobela grafikoaren helburua ez da hiltzailea ezagutzera ematea, “gertaera izugarri batzuen anatomia zehaztasun osoz aztertzea baizik”. Horretarako, Sir William Gull infernurantz gidatu zuten –ala infernutik atera zuten?– arrazoien sustraietara jo du Alan Moore idazleak, pilatutako datu historikoetatik abiatuta, liburuaren bi eranskinek erakusten duten moduan. Askorentzat autore ingelesaren obrarik ederrena da, eta Eddie Campbell ilustratzailearen zuri-beltzezko marrazkiek badute zeresanik horretan. Narrazioak eskatzen duen moduan, marrazki ilunak dira oro har, baina tinta trazu beltz eta lodien atzean ezer gutxi ezkutatzen da, liburuaren bigarren partean bereziki.

Orain arte ez dugu esan. Garai hartako kazetariek, euren albisteei oihartzun eta ikusgarritasun handiagoa emateko, hiltzaileari –Wiliam Gull doktoreari?– ezizen ezaguna jarri zioten: Jack destripatzailea.