Rut Martinez Izak segituan esan digu euskararekin duen harremana maitasun-gorrotozkoa dela. 38 urte ditu, eta euskara ikasten hasi eta utzi, behin baino gehiagotan egin du. Ikastolarik gabeko Gallartan ikasi zuen 14 urtera arte, gaztelaniaz. Institutuan heldu zion euskarari. Unibertsitate ikasketak egin ondoren, Bilboko Lizardi euskaltegian hasi zen berriz euskararekin. Utzi berriz. Haurdun geratu zen eta umearekin euskaraz aritzeko ilusioz berriro heldu zion. Berriz ere utzi... eta orain Abanto-Zierbenako euskaltegian ari da 2. perfila atera nahian, erizaina baita. “Askotan hanka sartzen dut, baina hala ere euskaraz egiten saiatzen naiz”. Bost urteko haurrarekin, ahizpa eta nebarekin, koinatarekin egiten du euskaraz. Familiatik kanpo, kalean oso gutxi: herriko umeekin, euskaltegikoekin eta unibertsitateko ikaskide ohiren batekin. Dena den, aitortzen du hizkuntz ohiturek pisu handia dutela eta behin baino gehiagotan eskatu diola kafesnea gaztelaniaz tabernari gazteari, alegia, seguruenik euskara maila gutxienekoa baduenari. “Egunero erabiltzen dut euskara. Gehiago erabili beharko nukeela? Igoal bai, baina ohituraz gaztelaniara jotzen dugu”. Berari errudun sentsazioa ageri zaio, hanka sartzen duelako hitz egiterakoan eta behar baino gutxiagotan egiten duelako. Guri berriz meritua duela iruditu zaigu, euskaldunak %22 diren herrian, Kantabriatik hain gertu daudela, egunero euskaraz ari delako.