Marisol Goikoetxea. Enpresa kudeatzailea eta ASPEGIko presidenteordea
Donostia, 1956. Fisikan lizentziatua. Egun, TISS Tecnologías de la Información San Sebastián enpresako kudeatzailea da eta ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordea. Bere jardun profesionala enpresa munduari loturik egon da. ASLE Euskadiko Elkarte Laboralen Taldeko zuzendaritzan parte hartu zuen lehen emakumea izan zen. Hiru alaba ditu, 29, 22 eta 16 urtekoak.
Maite Erro. EAEko Berdintasunerako Defendatzailea
Lesaka (Nafarroa), 1948. Gizarte-psikologian doktoratua. EHUko Psikologia fakultateko irakaslea da. Azken hamabi urtetan berdintasunari buruzko hainbat ikerketa zuzendu ditu Administrazio Publikoarentzat, Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun Masterra zuzentzen du eta 2006ko maiatzaren 24an EAEko Berdintasunerako Defendatzaile postua hartu zuen. Bi alaba ditu.
Arantxa Fernandez de Garaialde. Hezkuntzako irakaslea
Bilbo, 1960. Irakasle ikasketak egin zituen. Bilboko Pagasarribide eskolan 2-6 urte arteko haurrekin egiten du lan, baina gaur egun STEE-EILAS sindikatuan ari da, liberatu gisa. Bere jardun profesionala beti irakaskuntzari lotuta egon da. Menpekotasunaren Arretarako Euskal Sistema Publikoaren Aldeko Plataforma Feministan ere aritu zen lanean, bizpahiru urtez, martxan egon zen bitartean. Seme-alabarik ez du.
Josune Martirena. Psikoterapeuta
Uitzi (Nafarroa), 1967. Psikologian lizentziatua. Guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzailea da. Zortzi urte daramatza 0-3 urte bitarteko eta hortik aurrerako haurren gurasoentzako taldeak dinamizatzen, hainbat herritan. Euskara irakaslea izan zen lehenago eta egun APIR Psikoterapia Reichiano eta Haur-Prebentziorako Elkarteko kidea ere bada. Zortzi urteko semea dauka.