Josu Santesteban
Gaia. 1617an Trajano Boccalini idazle italiarrak irudipen bat izan zuen. Apolo jainkoak munduaren egoera kezkagarria –krisi latza, demokrazia ustela, kapitalismoaren gainbehera eta abar– aintzat hartuta, unibertsoa goiti-behera zaharberritzeko plan estrategiko bat abiatzeko asmoz, Greziako Zazpi Jakintsuei deitu die, edo beren buruari deitu ohi ziotenez, G-7 taldekoei. Banan-banan eskatu die nahaste-borrastearen analisia eta hura zuzentzeko proposamena azal dezatela.
Kontragaia. Aitonak beti eramaten ninduen zaldiak ikustera, feria hirira oraindik iristen zenean. Nik maite nituen zaldiak. Beraien larruaren ikatza baino ilunago eta pindartsuago begiratzen zidaten begi erraldoietan neure burua ikus nezakeen, neure izua. Holakoetan inoiz ez nintzen aitonaren eskutik askatzen. Gogoan dut egun batean jendea kalapita handian hasi zela, zaldietako bat, hesi eskasa jauzi eginda, ihesian joan zelako, Sadar errekako maldan behera. Horra jo genuen, nor baino nor jakin-minago, aitona eta biok.
Episodioa. Duela hamazazpi urtetik koman egon den Eluana Englaro bizirik iraunarazten dioten makinetatik familiakoek deskonekta ez dezatela nahi du Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak, eta horretarako eskura duen guztia egiten ari da, kosta ahala kosta, espresezko legeak tarte. Vatikanoak ahalegina txalotu dio. Hau idazten ari naizen unean ez dago jakiterik auzia nola amaituko den. Eluanaren aitak Berlusconi gonbidatu du alaba bisitatu eta zer egoeratan dagoen bertatik bertara ikus dezan.
Gaiaren berragerpena. G-7ko guztiek beren iritzia eman dute, baina arazoen erreforma errotikoa ekar lezakeen proposamen guzti-guztiak, hau dela edo bestea dela, beti botatzen dituzte atzera: ez omen daitezkeelako “mundu errealean” gauzatu, edo aurreikusi gabeko arazo handiagoak ekar litzaketelako. Parnasoko presidente txit lerden eta borondate txit handikoak ebazpen bat har dezaten estutu ditu jakintsuak. Osoko bilkurak ez dio erabaki irmoa hartzeari ihesik egin: hemendik aurrera, fruitu lehorren saltzaileek neurri egiazkoagoak erabili beharko dituzte.
Kontragaiaren berragerpena. Hortik berrehun bat metrora, jende multzo handia zegoen, estu-estu. Aitonaren eskutik askatu behar izan nuen, hor biribilean zeudenen hanketatik lehen lerrora iristeko. Hor ikusi nuena ez zait inoiz ahaztuko. Hor zegoen lurrean etzanda, oinazez marrumaka, lehenago ikusitako zaldi egoskorra, hanka bat hautsita zeukala. Begietara begiratu zidan, zuzenean, ihesi gogoa oraindik akitu ez zitzaiola adierazi nahi balit bezala. Aitonak ikuskizun latz horretatik apartatu nahi izan ninduen, tratularietako bat, eskopeta eskuan eta bihotza erorita, zaldiarengana hurreratzen zelarik. Aitonak kakahuete poltsa bat erosi zidan etxerako bidean. Inoiz jan dudan goxoena.
Koda. Ez dut uste Il Cavaliere deitu ohi duten Italiako lehen ministro apoliniarra Eluana bisitatzera joango denik, astebetez, egunbetez edo ordubetez zaintzera. Gobernarien egitez eta ez-egitez, hainbeste lagun hiltzen direnean, ez da sinesgarria pertsona bakar baten bizitza hainbesteraino inporta zaienik. Beraiek badakite, arazo guztiak konpondu antzean, fruitu lehorrak adabaki ona, ezin hobea, izan daitezkeela. Aitonek ere badakiten bezala. Iritzi artikulugile batzuek, batzuok, bezala. Musika aingerutarra noiz jo. Inorantz kiribiltzen ez den nota segida goxoan.