Garraiolari autonomoen HIRU sindikatuak kalean eta gobernu erakundeen aurrean protesta egin du zehapen espedientea ken diezaioten, bestela, sindikatuak desagertzeko arriskua baitauka. HIRUk gainerako sindikatuen babesa jaso du. Nork nahi du sindikatua desagertzea? Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren baitan dagoen Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak ireki zuen espedientea eta erabakia hartzeko uztaila arteko astia hartu du. Zergatik? Zerbitzu horrek dio HIRUk delitu larria egin duela eta Lehiaren Defentsarako Legea urratu duela, eta beraz, 500.000 eta 10 milioi euro arteko zigorra proposatu du. Zigorra beteko balitz sindikatua desager liteke. Zein delitu egin du? 2008ko prentsaurreko batean HIRUk kalkulatu zuen erregaiaren prezio igoerari aurre egiteko eta garraiolarien lan baldintzak mantentzeko tarifak %5 igo behar zirela. Hala kalkulatu eta aholkatu zuen. Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak espedientea ireki zion.
Norentzat ari da Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia? Auzitegi horrek ez du ezer egiten erregaien prezioetan lehiarik ez dagoelako, izan ere, gasolindegi guztiek prezio berberak dituzte. Telefono konpainien kontra ez du jotzen eta ez du espedienterik irekitzen soldatak moteltzeko aholkuak aireratzen direnean. Beraz, ez da harritzekoa HIRUk pentsatzea auzitegi hori “sortua dela langile klasearen eskubideen kontra egiteko”. HIRUk babesten duen garraio ereduaren aurka ari da: garraio duina, zerbitzuengatik prezio zuzena kobratuko duena, eta garraiolaria ez dadila errepidean hil eta dezala inor hil. Inoiz gertatu ez dena lortu du auzitegiak: sindikatu guztiek HIRU babestea.