"Kantuek zerbait eman behar dizute, eta hitzak ezin dira melodiaren dekorazio hutsa izan"
Diskoa hainbeste diskoetxerekin kaleratu duzue… interesa piztu duzuelako edo halako produkzioa egiteko indar asko batu behar direlako?
Biak. Horien guztien lana goraipatzekoa eta bihotzez eskertzekoa da. Banaketa zabalagoa egitea errazten dizu eta polita da bidean ezaguturiko lagun ezberdinekin lanean aritzea.
Zeri erantzun behar zaio?
Erantzun asko daude emateko eta galderak asko dira. Denek puntu berera eramaten gaituzte, gizakia eta gizakiak inguruan duenarekiko errespetu falta. Guk bizitzeko sortzen ditugun formen biktima gara, arazo denak gure ekintzen ondorio baitira.
Abesten duzuena ulertzea zaila da, baina hitzak idatzita eta hainbat hizkuntzatara itzulita daude. Garrantzia ematen diezue, ezta?
Hitzei gero eta garrantzia gutxiago ematen diegula iruditzen zait eta Erantzunen beti saiatu gara garrantzia ematen. Kantuek zerbait eman behar dizute eta hitzak ezin dira melodiaren dekorazio hutsa izan. Mezuak garrantzia du eta esateko moduak ere eragin handia du jasotzen duenarengan.
Talde bat sortzea da zuentzat “bizitzera jolastea”?
Bizitzera jolasteko ilusioa behar da, inozentzia, fantasia, umorea. Serioegi hartzen dugu bizitza eta axola ez duten gauzez arduratzen gara. Mundu, momentu eta pertsona magiko asko ezagutzeko balio izan digu taldeak. Asko ematen digu Erantzunek.
Gizateriaren zati handi baten krisiaren sorrera antzeman duzue: “Behar baino lan gehiago egiten dugu behar baino gauza gehiago mantentzeko”...
Aspalditik gure bizitzako denbora gehiena lanari oparitzen diogu. Bizitza hipotekatu eta eta amesten ditugun benetako gauzak egiteari utzi diogu behar ez ditugun gauzak izateko. Orain, ordaindu ezin ditugunean, krisian gaudela esaten dugu. Baina kontrolik gabeko kontsumismoan sartzean hasi zen gure benetako krisia. Balore, jarrera eta sentimenduen krisia.