argia.eus
INPRIMATU
Hanka sartze historikoak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2009ko otsailaren 18a
Kingdom of Heaven
Karibe itsasoa, 1492ko abendua. Gaur egun Dominikar Errepublika denaren kostalde parean Santa Maria naoa hondoratu zen –Santa Maria ez baitzen karabela, testuliburuek kontrakoa esan arren–, eta ontziaren egurra gotorleku bat eraikitzeko erabili zuten. Beraz, Kolonen espedizioa Europara itzuli zenean, bi karabela baino ez ziren iritsi. Christoher Columbus: The Discovery (1992) eta 1492: Conquest of paradise (1992), Kolonen bidaiari buruzko film “serioetan·”, ordea, Santa Maria ere bi karabelekin batera itzuli zen, mirakuluz. Ridley Scottek zuzendutako bigarren film horretan, gainera, apaiz batek azken igurtzia gaztelaniaz ematen du, latina ez zen beste hizkuntza batean ematea pentsaezina zen garaian.

Ridley Scottena da, halaber Kingdom of Heaven (2005). Bertan, Jerusalem lautada handi baten erdian ageri da. Baina benetako Jerusalem Sion mendia buru duen malda eta muino multzoan dago eraikia. Horrez gain, okerreko banderak erabili zituzten film horretan. Espainiar kristauek Gaztela eta Leongo zutoihala daramate; baina filma 1178an girotuta dago, eta bi erresumek ez zuten 1230. urtera arte bat egin. Aurkarien artean, aldiz, ilberria duten bandera musulmanak ikus daitezke, eta sinbolo hura XV. mendean hasi ziren erabiltzen. Kingdom of heaven-en garai bertsuan dago kokatuta An-thony Harveyren The Lion in Winter (1968), 1183an hain zuzen. Filmean sifilia aipatzen da, baina gaixotasuna XV. mendean identifikatu zuten, eta XVI.ean bataiatu.

Braveheart (1995) lan ezagunaren anakronismo eta akats historiko guztiak aipatzeko hau bezalako hainbat artikulu beharko genituzke. Pelikularen promozioan zehaztasun historikoa saldu bazuten ere, historiagileek eta historiazaleek akats andana azaleratu zutenean, erantzun publikoa ematera behartu zituzten filmaren arduradunak: gertaera historikoen “interpretazio artistikoa” egin zutela argudiatu zuten. Hauxe da bost oscar jaso zituen lan horren anakronismo nabarmenetakoa: Mel Gibson buru duten eskoziarrek beren kilt edo gonak harro daramatzate gudu-zelaian, baina eskoziarrak mende mordoxka bat geroago hasi ziren jantzi mota hori erabiltzen.

Ziur aski, erloju digitalak daramatzaten erromatarren pelikuletako extrak deigarriagoak, bitxiagoak eta topikoagoak dira. Baina xehetasun horiek txikikeriak dira seriotzat ditugun superprodukzio historikoen hanka sartzeekin alderatuta.