Gero eta e-zabor gehiago sortzen du e-gizarteak

  • Munduaren krisi nagusietako bat zaborrarena bada, gehienik ugaltzen ari diren hondakinak elektronikoak dira. Baina herrialde txiroetara eramaten dira, sarritan tresna usatuen berrerabiltze planez mozorrotuta, han dirutan merke eta denetako kalteetan garesti birzikla ditzaten.
Memoria tarjetak sutan jartzen
Aitonak sutan ipintzen ditu ordenagailuen memoriazko tarjetak, metalen bat gainerakoetatik bereizteko.www.ewasteguide.info

Zuberoako Maskaradetan eta  Donostialdeko Kaldereroetan beltzezko antzezleek erakusten dute nortzuk ziren duela gutxi arte gure herrietako birziklatzaileak: buhame edo ijitoek (hungrianoek) konpontzen zituzten burdinazko pertzak, sukaldeko aiztoak eta parasolak, baita metal soberakinak eramaten ere. Baina gizarte modernoek txatarrari prezioa jarri diotenetik, kasik zer birziklaturik gabe aurkitu ziren hemengo ijitoak. Ordainetan, herrialde atzeratuagoetako populazio osoak bilakarazi dituzte buhame. Elektronikaren eta informatikaren munduko santutegi den Kaliforniatik Silicon Valley Toxics Coalition (SVTC) erakundeak Global e-Waste Crisis deitu dio egoerari. “E-zaborra da hondakin multzoan azkarren handitzen ari den osagaia. Bateriek bezala, tresna elektronikoek arriskugabeak dirudite, baina ondo aztertzen baditugu, kimiko pozoitsuak isuri ditzakete airean bezala uretan, hala nola beruna, merkurioa edo kadmioa. Ordenadore batek 4-8 libra berun izan ditzake, herri oso bat kutsatzeko adina”.

Gailu bakoitzak daukan kutsatze ahalmena biderkatzen du tresneria berritzeko darabilgun abiadura zoroak. Hona AEBetako datuak: 500 milioi ordenadore zaharkituta dago, 130 milioi sakelako telefono baztertzen da urteoro, 20 milioitik gora telebista eta ordenadore pantaila metatzen da urtero etxe eta bulegoetan... eta zokoratzen diren milioika gailu horietatik ez da birziklatzen %10 baizik. Nora doa gainerakoa?

SVTCen kalkuluetan, AEBetako e-zaborraren %80 herrialde txiroetara esportatzen da. Nora? Erakundeak mapa batean erakusten ditu uholde horren korronteak. E-zabor sortzaile nagusiak AEB, Europa, Japonia eta Hego Korea dira. Birziklatzaileak, berriz, honakoak: Amerikan Mexiko eta Brasil nagusienak, baina baita ere Txile, Argentina, Venezuela eta Brasil; Afrikan batez ere Nigeria, eta neurri txikiagoan Egipto, Kenya eta Tanzania; Asian, zabor biltzaile nagusiak Txina, India, Pakistan, Tailandia eta Singapur dira, eta bigarren mailakoak Filipinak, Vietnam eta Indonesia. Europan Errusiara eta Ukrainara ere joaten direla uste du SVTCk.

Txinan e-zaborrak birziklatzen ari diren herritarrez erreportaje zorrotza eskaini zuen berrikitan CBSNews telebistak. 60 Minutes programan aurkeztu zuen ordu laurden inguruko dokumentala, Internet bidez ikus daitekeena: Following the Trail of the Toxic E-Waste (E-zabor toxikoaren arrastoari jarraituz).

Zabor elektronikoaren mundu mailako trafikoa iturburuan eta helmugan ateratako irudietan azaldu du CBSk. Etxe eta bulegoetako tresna elektroniko zaharkituak birziklaketa enpresa arrunt batek biltzen ditu Denver hirian. Gero, ia denen oharkabean, Denverren betetako edukiontzi handia itsasoan barrena Hong Kongera helduko da, nahiz eta hemen horrelako hondakinak sartzea legez debekatuta dagoen.

Hariaren beste muturrean Goiyu herria datza, Txinan. Agintariek eta bertako herritar askok ezkutuan eduki arren, kazetariek lortu dute zabortegi beldurgarrietara iristea. Milaka telebista ekran, ordenadore eta denetariko tresna elektroniko nonahi barreiaturik. Arnasa ezin hartzeko moduko kiratsa. Jendea tresnak eskuz birrintzen, azidoz metalak berreskuratzen, plastiko toxikoak kiskaltzen... XXI. mendeko buhameak dira.

Gezurrezko berrerabilpena

 Gaiaz okupatzen den beste erakunde bat Basel Action Network (BAN) da, Basilea Ekintza Sarea. Suitzako hiriaren izena darama, haren izena daramalako 1994an bertan munduko hondakin elektronikoen trafikoa  arautzeko itunak. AEBek ez dute sinatu oraino, eta sarekoek salatzen dute sinatzaileek ere ez dituztela aski kontrolatzen itsas portuetako joan-etorriak, hori dela medio milaka edukiontzi doazela urtero herrialde aberatsetatik txiroetara, hauetan dauden zabortegi kontrolik gabeetan metatu eta inguruko pertsona, abere eta landarediak kutsatzera.

BANekoek Nigeria aipatu dute adibide odoltsutzat. “Are we building high-tech bridges or waste pipelines?” dauka titulu dosierrak: “Teknologia handizko zubiak eraiki ditugu ala zaborrentzako hodiak?”. Hondakinen esportazioa nola berrerabiltze itxuraz mozorrotzen den esplikatzen du dosierrak.

Kontua da herrialde txiroetan ere informazio teknologiak aurrerapen aukeratzat ikusten direla. Internet eta telefono zelularrak sekulako aukeratzat ikusten dira herrialde aberatsekiko leizea pittin bat arintzeko, bestelako azpiegituren gabeziak (liburutegiak, errepideak, trenak, harizko telefonoa...) gainditzeko. Baina teknologia berriak pagatzeko adina diru ez daukatenez, hango inbertsioak tresneria erabilitan egin dira.

Konpainia askok salerosketa hori denen mesedegarritzat aurkeztu dute: herrialde aberatsetako tresna zaharkituek bigarren bizia edukiko dute txiroetan, hauek teknologia berriak askoz merkeago eskuratuko dituzte. Baina gero ikusi da ideia polit horren atzean hondakin trafikoa zetzala, argi eta garbi.

Nigerian, Lagos hiriburuan bezala beste herri askotan, BAMeko ikertzaileek zabortegi kontrolik gabeak aurkitu dituzte, telebistak eta ordenagailuak sutan, azidoz eta metal astunez kutsatutako erreka eta putzuak, haurrak hondakin toxikoen artean jolasean... edo bilketa lanean.

Nigeriako portu nagusira hilero 500 edukiontzi “tresna elektronikoa usatu” sartzen da. Kontainerrotako bakoitzak 800 bat ordenadore dakartzanez, hilean 400.000 iristen dira Europa eta Amerikatik. Urtean bost milioi. Horietatik %75 ezin konponduzkoak dira, eta zuzenean doaz zakarretara.

Teknologia handiko ekipamenduok gai toxikoz eginak daude. Karkasetako eta barne zirkuituetako plastikoek bromoa daukate, sutan nekezago kiskal daitezen. Konektatzaileetako aleazioetan berilioa dago. Soldatzeak eztainuz eginak dira. Izpi katodikoen tuboetan beruna eta barioa aurki daitezke, merkurioa lanparetan.

Bi liburuk kontatzen dituzte hain garbiak diruditen teknologia berrien barrunbe zikinak. High Tech Trash-ek (Teknologia handiko zakarrak) aipatu hondakin elektronikoen akabera nolakoa izaten den. Challenging the Chip-ek (Txipari desafioka), zein injustua eta pozoitsua den teknologia berrizko gailuen fabrikazioa. Telefonoak, telebistak edo ordenagailuak hain erraz aldatzera ohitu diren gure gazteek ona lukete horiek  laburtuta bederen euskaratzea.

Argazki oina: Interneten zabor elektronikoaz aurki daitezkeen irudi zikinen artean www.ewasteguide.info-k eskainitako honek xarma puntu berezia dauka: aitonak sutan ipintzen ditu ordenagailuen memoriazko tarjetak, metalen bat gainerakoetatik bereizteko. Etxe atarian txistorra zirian erretzen ari bailitzan. Ez berak eta ez alboan bestelako garbiketak egiten dituzten langileek, inork ez dauka babesgarri berezirik. Merkatuan balioren bat duten metalak berreskuratzeko sistemarik merke eta kutsagarrienak usatu behar dituzte. Eta soberakinak, inguruetako zabortegietan geldituko dira metaturik. Herrialde aberatsetan gailu berriak zabaltzen diren aldi oro, zaharrak birziklatzen lan gehiago herrialde txiroetan ari diren txatarreroontzat.

 

Informazio gehiago:


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude