argia.eus
INPRIMATU
Gaua 2.000 urtean behin balitz
Unai Brea @unaibrea2 2009ko otsailaren 18a
Nigthfall
Nightfall. Isaac Asimov eta Robert Silverberg.
Argitaletxea: Bantam books. 1990.


Astronomiaren Nazioarteko Urtean gaude eta zerura begira jarri gaituzte. Gauez, ahal dela. Astronomiak gaua behar du, Silvio Rodriguezek kantatu zuenez gauaren erruz baitago unibertsoa. Hausnarketa hauek, ezinbestean, zientzia-fikzioaren historiak eman duen narraziorik ospetsuenetako bat aipatzera naramate: Nightfall (Iluntzea). Isaac Asimovek idatzi zuen, istorio labur modura, 1941ean. Askoz geroago, 1990ean, eta Robert Silverberg-ekin elkarlanean, ipuina luzatu eta nobela bihurtu zuen.

Kalgash planeta Lurraren antzekoa da, oso antzekoa. Bertako biztanleak gu bezalakoak dira, eta gurea bezalako bizimodua dute. Alde bakarra dago: Kalgashek sei eguzki ditu, eta beti da eguna. Kalgashtarrek ezin dute gaua irudikatu, eta egia esan deseroso samar daude iluntasunean.

Kosmosak bere gutiziak ditu ordea. 2.049 urtero, hainbat orduz, eguzki guztiak desagertzen dira zerutik. Iluntasuna dator. Batzuentzat eromena izan daiteke, baina horrek ez du berez zibilizazioaren amaiera ekarriko. Bada zerbait okerragoa, kalgashtarren arima bete-betean jipoituko duena: izarrak izeneko fenomenoa, erlijio liburuetan besterik aipatzen ez dena. Baina inork ez daki izarrak zer diren... ikusi arte.

Nobelaren azken zatia da jatorrizko ipuinari egin zaion ekarpenik handiena. Gauak unibertsoaren handitasuna erakutsi die Kalgashko biztanleei, eta bat-bateko errebelazio horrek kaosa eragin du: erotuta, ia planeta osoa suntsitu dute. Ondoren datorrena ez da zientzia-fikzioa, berdin balio du eguzki bakarreko planetetarako ere. Anarkiaren errautsetatik ordena berria jaioko da, eta aginte-makila eskuratzeko borroka latza izango da erlijioaren eta zientziaren artean. Ororen gainetik ideia bat gelditzen da: giza taldeek berezkoa dute euren burua botere baten inguruan antolatzeko joera. Barka gaitzala Bakunin jaunak.