Garabantzuk baliabide gutxirekin grabatu zuen Txomin Ayastuyk. Tonu tragikomikoan, pokerrak harrapatuta bizi den pertsonaia berezi baten istorioa kontatzen du. Pokerreko fitxak ez zeuzkatela-eta, azken orduan garbantzuak erabili behar izan zituzten filmazioan. Hortik jaio zen pelikularen izenburua. Espazio-ontzia eta guzti ageri den zientzia fikziozko lana du orain mungiarrak esku artean: “Absurdoa da gustatzen zaidana”.
Pim Pam Pum lanak euskal gatazka oinarri hartu badu ere, umeek mundua beste era batera ikusten dutela azaltzea da filmaren helburua. “Txikitako gure esperientzia izan dugu kontuan, metafora bat egiteko: haurrak beti bilatuko du jokoa edozein egoeratan, baita baldintza arriskutsuenetan ere”, dio Asier Urbietak. Orain grabitatearen inguruko laburra fintzen ari da: egun batez, protagonista bat-batean alderantziz esnatuko da…
On the line arrakastatsua mugez mintzo da. Muga fisikoez –Mexikoren eta AEBen artean kokaturikoa–, muga formalez –errealitatearen eta fikzioarekin jolasean–, pertsonaiek euren usteei jartzen dizkieten mugez… Muga zentzu zabalean hartu du Jon Garañok, dokumentala eta fikzioa uztartzen dituen istorio gordin eta hunkigarri honetan.