argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko otsailaren 18a

Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariak Aizu! aldizkarian: "Hori [gure disko bat manta baten gainean ikustea] berdin zait, bost axola. Gainera, horrek esan nahi du diskoak arrakasta daukala. Gu ez gara salmentatik bizi, baina egileek zerbait kobratu behar dute abestiak egiteagatik eta zuzenean jotzeagatik. Gu kontzertuei esker bizi gara, eta prezio ezberdinak ditugu, kontzertua eman behar den lekuaren arabera (...) Nik disko bat grabatzeko dirua jasoko banu, itzuli egingo nioke eman didanari. Euskal kultura munduan zabaltzeko aitzakian, ezin dira diskoa grabatzeko diru-laguntzak eta salmentatik ateratako sos guztiak poltsikoratu".

 

Xabier Paya bertsolariak Berrian: "Artikulu honen gaia ez da bat-bateko inprobisazioa grabatzearen funtzio eta interes soziala. Hori argi dago berez, bestela ez lirateke egongo webgune bi zeregin horretan. Bai, bertsoa.com bertso plaza digitala eta bertsoplaza.tv bertso plaza. Lehenengoa Arinaizela ekimenaren proiektua da; bigarrena, Bertsozale Elkartearena (...) Ez dakit bertsolaritzaren fenomenoa funtzio bera edo antzeko samarra betetzen duten bi webgune izateko beste handitu den azken urteetan. Ez dakit gune biren existentziak antzekotasunik duen habe-aek auzi zaharraren sindromearekin (ez dakit, izan ere, Lankuk, Bertsozale Elkarteak sortutako zerbitzuak, 2008ko bertsoaldi onenen antologia bertso plaza digitalarekin kaleratu baitzuen iaz, ez elkartekoarekin)".

 
 

Antonio Lauzirika konpositoreak Garan: "Konpositoreok dilema bitxia dugu. Merkatuak baldintzatzen gaitu gauza batzuk egin eta asko saldu, ala bestelako gauza batzuk egin eta gutxi saltzera. Musika garaikidearen esparruan lan egiten dugun konpositoreok merkaturik apenas sortzen dugunez, gutako gehienok entzun nahiko genukeen musika konposatzen dugu".