argia.eus
INPRIMATU
Maria Antonia Iglesias-en ‘Memorias de Euskadi’
Mikel Asurmendi @masurmendi 2009ko otsailaren 15
Zu zara Memorias de Euskadi-n politikari –elkarrizketatua– ez den bakarra.

Maria Antoniak eskatu zidanean: “Niri zergatik? Ni ez naiz politikaria” esan nion. Interes berezia zuen nonbait. Iglesiasek, batez ere, Eginen funtzionamendua ezagutu nahi zuen.

ETAren menpe ote zen jakitea edo?

Bai, nolabait.

Iglesiasek politikari batzuen hitzak manipulatu dituela zabaldu da.

Ez dut besteena irakurri. Halere, politikari batzuek ni baino tontoagoak dirudite. Nirean akatsak daude, ez fede txarrez eginak. Gauza batzuk ez dira osorik agertzen. Tituluetan eta ladilloetan gauzak esajeratzen dira, baina ez naiz manipulatua sentitu.

Zein asmoz hitz egin zenuen berarekin?

Besteak beste, ETAk gaur arte eraman duen borrokaz gogoetatu behar duela adieraztea. Hau da ETAk esan dezan: “Guk asko sufritu dugu eta sufrimendu asko eragin dugu. Erabaki dugu amaitzea eta orain herriari –herriko eragile guztiei– egoera konpontzen laguntzea eskatzen diogu”. ETAk hori erabakiko balu jende asko mobilizatuko litzateke. Baina, ezein indar politikok ez dezala lidergo politikoa hartzea espero. Hori litzateke berriz ere oker handiena. Abertzaletasuna ez da inorena. EAJko parte batean dago, EAn dago eta Aralarren ere bai. Batasuna da ezker abertzalearen erreferente nagusia. Baina abertzaleek ezin dute abertzaletasuna paisaia bakarreko kolorea balitz legez jardun. Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa ez dira berdinak, eta ez dira berdin Barakaldo eta Markina. Edo Irun eta Azpeitia. Eta zer esan Arabaz eta Nafarroaz? Eta ETA desagertu den hipotesian hitz egiten ari naiz.