Biurteko beltza aurreikusi dute

  • Europako sei herrialde nagusietan eta, beraz, Espainiako eta Frantziako Estatuetan ere bai, makina erremintak bilakaera ona izan du 2008an, baina, CECIMO europar elkarteak 2009-2010 beltza izango duela aurreikusi du, baita 2011tik aurrera bere onera etorriko dela ere.
Makina erreminta
Munduko salmenten sailkapenean Espainiar Estatua bederatzigarren dago eta Espainiar Estatuko enpresen %90 Euskal Herrian dago.
Makina erremintaren sektoreko (ME) Espainiar Estatuko enpresen %90 Hego Euskal Herrian kokatuta daude, eta 2008an bilakaera ona eduki du, %8 inguruko hazkundea izan baitu. Krisialdi finantzarioak krisialdi industriala eragin du mundu osoan, eta hemengo makina erremintan ere eragina izaten hasi da, orain arte onik ateratzea lortu badu ere. Hala, datozen bi urteetarako aurreikuspenen arabera, ekoizpena eta kanpo-merkataritza murriztu egingo dira.

Horixe ondoriozta daiteke, behintzat, Metalak Lantzeko Makina Erremintaren Europako Elkarteak (CECIMO) egindako azterketak kontuan izanez gero. Elkarte horrek barne hartzen ditu Europako ME ekoizle nagusiak diren herrialdeak, hala nola Alemania, Suitza, Italia, Erresuma Batua eta Frantziar nahiz Espainiar Estatuak. Batetik, herrialde horien ekoizpena eta kanpo-merkataritza 2008an positiboak izan direla egiaztatzen du CECIMOk eta, bestetik, 2009-2010ekoa biurteko beltza izango dela eta 2011n suspertzen hasiko dela aurreikusten du.

2008ko datu baikorrak

CECIMOren kalkuluaren arabera, 2008an, aipatutako sei estatuek 21.382 milioi euroko ekoizpena izan dute, aurreko urtean baino %7,6 gehiago, orduan 19.784 milioi euroko ekoizpena izan baitzuten. 2008ko nazioarteko egoera kontuan izanik, datu horiek oso positibotzat jo behar dira. 14.771 milioi euro esportatu ziren eta barne-kontsumoak 14.000 milioi euroak gainditu zituen, 2007an baino %8 gehiago, orduan 13.000 milioi euro kontsumitu baitziren, eta horri guztiari esker lortu dira emaitza positiboak. Elkarte horren aburuz, ordezkatzen dituen herrialde guztiak kanpo-merkataritzara zabaldu izana oso garrantzitsua izan da. Hortaz, kontsumoaren %53 inportazioen bidez eta %47 barne-ekoizpenaz asebete izana nabarmendu du.

2008ko ekitaldiko datu horiek 2005etik 2007ra sektoreak izan duen bilakaera positiboaren ondorio ere badira. Hala, 2005ean 16.128 milioi euro ekoiztetik 2007an 19.784 milioi ekoiztera pasa zen sektorea, eta horrek esan nahi du bi ekitalditan %23tik gorako hazkundea izan zela. Hazkunde hori, bereziki esportazioen bilakaera positibo handiari esker etorri da: 2005ean 10.798 milioi euro esportatu ziren eta 2007an, aldiz, 13.753 milioi. Horrek esan nahi du bi urte horietan %27,4ko hazkundea izan zela, eta ekoizpenaren %70 dela, gutxi gorabehera. Merkataritza-balantzaren –inportazioen eta esportazioen arteko aldea– superabita 5.816 milioi eurokoa zen 2005ean, eta 6.811 milioi eurokoa 2006an; beraz, %17,2an hazi zen. Superabita 2007an egonkortu zen, 6.856 milioi eurotan.

2009-2010: biurteko beltza

Aurreikuspenak aztertzerakoan, CECIMOk kontuan hartzen du munduko ekonomian sortutako egoera. Gogoan du AEBn piztutako krisialdi finantzarioak krisialdi industriala eragin duela, kontsumoa biziki murriztu ondoren. Datozen bi urteetan, 2009an eta 2010ean, beti ere CECIMOren arabera, azken urteotako bilakaera positiboa etengo da eta aldagai guztiek behera egingo dute. Ekoizpena murriztu egingo da: 2008an 21.382 milioi euro ekoitzi baziren, 2010ean 18.159 milioi eurokoa izango da ekoizpena, hau da, %15,1 gutxiago. Dena den, hurrengo urtean, 2011n, 19.673 milioi eurotara iritsiko dela aurreikusten da, hau da, %8,4 haziko da, hiru urte lehenago lortutako emaitzetatik urrun egon arren. Esportazioak %12 murriztuko dira eta barne-kontsumoak askoz azkarrago egingo du behera, %21,4raino, 14.060 milioi eurotik 11.048 milioitara.
Hemengo makina erreminta munduko elitean
Makina erreminta Europako eta munduko elitean dago, ekoizle nahiz esportatzaile gisa. Sektore hau nagusiki Hego Euskal Herrian biltzen da. 2008ko datu ofizialak ez dira oraindik jakinarazi, baina dagoeneko badakigu %7 hazi dela 2007ko datu ofizialekin alderatuta. 2007an makina erremintaren Espainiako ekoizpena 1.047,5 milioi eurokoa izan zen, eta horrek %7ko hazkundea ekarri zuen aurreko urtearekiko. Europar Batasuneko makina erreminta ekoizle eta esportatzaile nagusien sailkapenean, Espainiako Estatua hirugarren herrialdea izan zen. Munduan, bederatzigarren ekoizle eta esportatzailea da.

Salmentak ondoko herrialdeetara egin ziren 2007an:
3 Alemania (%20), Italia (%10,3), Frantzia (%8,3), Txina (%7,5), Mexiko (%6,8), India (%4,6) Portugal (%4,5), AEB (%4,2), Erresuma Batua (%3,7) eta Polonia (%2,5). 2008an herrialde erosleak beretsuak izan dira.

Sailkapena ekoizpen eta salmentaren arabera (2007ko datuak):
· Japonia: ekoizpena 10.542 milioi euro, eta esportazioa 5.554 milioi.
· Alemania: 9.288,6 eta 6.691.
· Txina: 7.365 eta 1.167.
· Italia: 5.308 eta 3.071.
· Korea: 3.312 eta 1.313.
· Taiwan: 3.195 eta 2.487,6.
· AEB: 2.611,7 eta 1.211.
· Suitza: 2.426,1 eta 1.793.
· Espainiar Estatua: 1.047,5 eta 621,5.

ASTEKARIA
2009ko otsailaren 15a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude