Kontuz, epaile horiek!

Bixente Serrano Izko
Josu Santesteban
Agintari politikoek Legearen Inperioa, Zuzenbide Estatua edota antzekoak aho betean aldarri dituztenean, orduantxe ene zalantza-alarma guztiak gorritzen zaizkit, estatu polizial batean gaudelakoan. Bai behintzat Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salak ematen dituen aferei dagokienez. Eta estatu polizialetan, dakigunez, ongi jakin ere, sobera daude epaileak, aski eta sobera da polizia, edonor errudun dela erabaki eta zigorra hari ezartzeko. Epaileen esku sartzea, erran nahi baita, epaileen sinadurak, aginduak eta ebazpenak, tramite hutsak dira, poliziaren erabakiei protokolozko, burokraziazko, itxurazko bidezkotasuna emateko.
 
Ni neu, epaile izanen banintz, ikusirik nola jokatzen duten nire lankideek, dardarka jarriko nintzateke. Lehenik eta behin, gure lanaren degradazioarengatik, ikusirik nola onartzen duten euren nagusi bihurtzea teorian beraien morroi den polizia judiziala: duintasun profesionalaren kontua.
 
Gero, eta aurrekoaren ondorio zuzena da, eta are degradatzaileagoa ere, sendotu baizik ez dutelako egiten polizien joera bat, epaileen morroi izan beharko luketen horiek, poliziek, jujeak gaitzesteko ohi duten joera, alegia. Zenbat aldiz ez ote ditugu ikusi, Hollywoodeko filma kloniko horietan, polizia orojakile eta ahalguztidunak kexu, delitugileak aurkitzeko beraiek egindako lan efikaza jujeek zapuzten dutela, eskrupulo legalak direla medio!
 
Sobera daude epaileak segurtasunaren eta efikaziaren izenean irizpide polizialak nagusitzen diren estatuetan. Poliziaren susmoek delitugileak diseinatzen dituztenean, luxuzko kontua da epaile multzo bat izatea, diru-eralketa hutsa da, zertarako gainera, eta delitugileei kaleko ateak irekitzeko, segurtasunaren efikazia pikutara bidaltzeko. Diru-xahuketa hutsa, noiz eta gaur, krisi ekonomiko itzel baten erdian gaudenean, diru publikoaren gastuak murriztu behar omen direnean.
 
Benetan, epaile izanen banintz, ene lanpostua bera ikusiko nuke kolokan, nire lankide horien utzikeria ikusirik, euren erantzukizuna poliziaren eskuetan uzten dutela ikusirik, ikusirik haien ezgauzak egiaztatu baizik ez duela egiten epaileak sobera daudelako inpresioa, poliziek beraiek zabaldu nahi duten aurreiritzi interesatu horixe.
 
Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloko Sala da. Garzon-eta makila, frogatzen ari dena sistema judizial osoaren luxu xahutzailea, barkaezina beti baina are gehiago krisi ekonomiko garaiotan; Sala hori da begi bistan uzten ari dena epaile guztiak sobera daudela gaur egun aho beteko Zuzenbide Estatu honetan. Frogatzen ari delako poliziaren txostenak nahikoa direla hainbat eta hainbat pertsonari eskubide zibilak eta politikoak kentzeko eta haien gorputzei itzalpean itzala lapurtzeko. Frogatzen ari delako poliziaren txostenak epaileen ebazpenak bezain baliagarriak direla zigorrak ezartzeko, denbora galdu gabe auzi-mauzi eta prozeduretan.
 
Epaileek, Garzon kasu, argazkietan azaltzeko baizik ez dute balio, hau da, benetako langileei, benetako heroiei, poliziei, lekurik ez uzteko ohorezko ikuskizun mediatikoetan. Gauzak horrela, benetan diot, polizia ere izanen banintz, argazkien markotik kanpora egotziko nituzke juje alfer horiek, horratx nire hurrengo urratsa epaileek adina ahalmen lortu ondoren.
 
Euren burua horren arriskuaren aurrean ikusten dutelako egin nahi ote dute greba orain? Estatu polizialetan epaileen ezgauza hain garesti zaigunez denoi, erretiro aurreratua masiboki emanen ahal diete!

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude