Karobi-ezteiak

Karegintza negu parteko lana zen. Belarrak ondu, soroetako uztak mandioratu eta inaurkinak metatu ondorenekoa. Kare-harria eta su-egurra pila asarreak inguratu behar ziren karobi edo kisu-labera; kare bizia emango duen harria hausteko tenperatura altuetan erre behar baita. Bi eratako labeak erabili izan dira: arragoa eta zakarrezkoa. Arragoan, edo frantses-karobian, erabilitako teknikak zaharrena dirudi. Izenak dioen eran, karobi zulo honetan erregaia eta harria nahasian sartzen ziren. Hasteko egur mordo bat eta harri maila bat gainean. Labearen beheko atakatik kare hautsa atera ahala goiko zulotik egur eta harriz bete. Nahi adina denbora eduki daiteke arragoa erako karobia erretzen. Zakarrezkoa edo zakar-karobiak teknika landuagoa eskatzen zuen. Labearen beraren eraikuntza finagoa zen eta haren barruan kare-harrizko ganga sendoa antolatzen jakitea eskatzen zuen; arte ederra. Gangaren gaina harriz bete eta gero beheko atakatik gau eta egun etengabe egurra sartuz lau bat egunez sutan eduki behar zen. Keari erreparatuta zekiten noiz itzali sua.

Sastraka, sasi, ezpal, adar, enbor eta bringa, denetako gurdikak behar ziren honelako labe bat etengabe erretzen edukitzeko. Elorri-triska (Genista scorpius), otabera (Genista hispanica), oteak (Ulex sp.), elorri zuriak (Crataegus monogyna eta C. laevigata), hesilaharra (Rhamnus cataharticus), ena (Rhamnus lycioides), txilarrak (Erica sp.), ezpela (Buxus sempervirens), gaztaina (Castanea sativa), pagoa (Fagus sylvatica)... denetatik erabili izan da.

Bergara aldeko langintza zaharren berri ematen duen liburu gomendagarrian jasotzen denez, Elgetako Azula baserriko Candido Elortzak dio pago-adarrez egindako gerriaren neurriko 2.000 sorta prantatzen zituztela karobia erretzeko. Beste liburu batek, Domingo de Agirreren Garoa-k, karobiko lanak amaitutakoan mozkortzerainoko eztei handiak egiten zirela dio: karabi-eztegua, karobi-eztaia edo kisulabe-besta.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude