Nola iritsi da gai hau eztabaidagai izatera?
Hor da egunero, badu berrogei urte hor dela. Betidanik aipatu izan da zuzen edo zeharka biolentzia politikoaren gaia gure literaturan. Gaur egungo kopurua, hori da aldaketa: orain denak ari gara.
Zerk eragin du hori?
Beharbada sentitzeak posible dela beste modu batera bizitzea. Izan dira tregoa zenbait, eta horietan beste hitz egiteko eta gaiari buruz pentsatzeko molde bat sumatu da, bederen. Gainera uste dut literaturarako oso gai egokiak direla: egiten ahal dira
thrillerak, nobela poliziakoak, lekukotasun nobelak…
Esan liteke genero bat osatzen dutela gatazkan kokatutako liburuek?
Ildo bat bederen bai, osatzen dute; alde batetik, gaurko gatazkaren inguruko gaiek, eta horrekin paraleloki etortzen den gerra zibilaren denborako gaiek. Bi multzo horiek baditugu gure literaturan bereziki.
Lotuta ikusten dituzu biak?
Uste dut baietz. Beharbada sinplifikatuko dut gehiegi baina… Abertzale mundutik kanpo diren idazleek dute gaurko gatazka aipatzen; eta abertzale munduan direnek dute 36ko sarraskia aipatzen, bata bestearen etsai balira bezala.
Ba al dago alderik gaiaz euskaraz ala erdaraz idatziz gero?
Uste dut garai batean euskaradun idazlea ez zela atrebitzen gai horietaz hitz egitera. Borroka armatua aipatzen baldin bazen, eta ez bereziki gauza glorios bat bezala, orduan anti-euskaldun izatea ere leporatzen ahal zitzaion –oraindik ere bai, baina presioa pixka bat apaldu dela argi da–. Gauza inportantea da gure hizkuntzan gure buruhausteak ere aipatu ahal izate hori.
Zer dago egiteke?
Ez da landu borroka horren anbiguitatearen gaia…
Anbiguitatea?
Bai. Aldi berean gaitzesten dugu, nik pertsonalki bada zenbait urte egin nuela; baina, hala ere, une zenbaitetan eskergarria izaten ahal da. Beti gauza hori pentsatzen dut Bizkaiko hondartzak ikustean: leku horiek salbatuak izan direla nuklear kalamitatetik borroka armatuari esker. Hori da anbiguitate handia. Eta horren idaztera ez gara oraindik heldu.