Nola bihurtu da eztabaidagai euskal gatazka literaturan?
Kontua beti airean egon dela esango nuke: idazten hasi nintzenean –eta badira hogei urte baino gehiago– gogoratzen naiz Jesus Mari Lasagabasterrek aipatzen zuela harrigarria zela euskal gatazka ez azaltzea euskal literaturan, behar zen bezala. Esango nuke orduan ere agertzen zela gaia, baina gerora liburu asko argitaratu dira.
Zertan desberdintzen dira gaiaren inguruan euskarazko eta erdarazko lanak?
Esango nuke euskaraz idatzi direla fikzioan euskal gatazkari buruzko liburu interesgarrienak. Hemengo erdal idazle batzuen artean badago topiko bat, ez dela idatzi arazoari buruz, batez ere alderdi batetik. Nahiko salaketa gogorrak egin izan zaizkigu: azkena, gogoan dut, min handia egin baitzidan, Fernando Aranburuk egin zuen. Esaten zuen euskaraz ez dela ETAren biktimen gaia tratatu. Nik uste dut izen batzuk ematea nahikoa dela kontrakoa frogatzeko: Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua, Jokin Muñozen Bizia lo eta Antzararen bidea… bat baino gehiago daude, eta gainera horiek denak gaztelaniara itzulita daude. Nahi badute ikus dezakete: ez daude bi lubaki, euskarazko idazleena eta erdarazkoena. Lubakiak baldin badaude, ez dira hizkuntzarenak. Hizkuntzak beti ematen dio zerbait lanari, transmisio bidea baino gehiago da, baina uste dut euskaraz ikuspuntu ugaritako lanak idazten direla. Proportzioa diferentea dela? Beharbada bai, baina hori soziologoek esan beharko dute.
Esan liteke genero bihurtu dela euskal gatazkarena gure literaturan?
Ez dut uste. Adibidez, Jokin Muñozen Bizia lok ez dauka zerikusirik Antzararen bidearekin. Gatazkari begiratzeko bi modu ezberdin dira, eta hori idazle berarekin; pentsa idazle diferenteak kontuan hartuta. Batzuetan, gainera, idazlearen kontzientzian ez dago gatazkaren argibidea ematea: idazleak literatura egin nahi du, pertsonaiak eraiki, eta gatazka haztegi egokia iruditzen zaio horiek kokatzeko. Hori bai, garbi dago gaia ukituko ez balitz arazo bat izango genukeela, gaixotasun bat, bor-bor dagoen gaia delako.