Atzoko eta gaurko folkaren jaigiroko erakustaldia

  • Korrontzi ::Getxo

    Baga-Biga

    iraupena ::1h 05´54´´

    prezioa ::20,95€

Aspaldiko trikitilari baten izena darama talde gazte honek, eta izugarrizko ibilbidea egin du azken lau urteotan. Are gehiago, eskarmentu handia daukaten musikariok trikia eta folka dotoretasunez landuz hainbat sari jaso dituzte, eta gure mugetatik kanpo kontzertu ugari eskaini. Zuzenean taldeak eman dezakeen guztiaz jabetuta, Getxoko Folk Jaialdiaren baitan kontzertu berezia egin eta berau jaso zuten irudiz eta soinuz. Horretarako, gainera, gonbidatu bereziak ekarri zituzten: Faltriqueira talde galiziarra, Mikel Urdangarin, Valentziako Obrint Pas taldeko Xavi, Maia anaiak... Arin-arin eta fandangoetatik abiatuta, folk tradizionaletik zelta doinuetara, popa, eragin europar zein latinoak lantzen jakin dute euskaraz, galizieraz eta katalanez. Garai berrietara zabalik dagoen folk ikuskizun oso esportagarria.
"Euskal musika euskaraz egin behar da; kanpoan jendeak baloratu egiten du"

Zergatik Getxon? Folkarentzat daukan esanahiagatik?


Getxoko agertokia berezia da guretzat. Duela 4 urte taldea sortu eta guztiz ezezagunak ginenean, Getxon eman ziguten jotzeko aukera. Eta hor jotzetik, guztia jarraian etorri da: lehenengo diskoa, hamaika kontzertu Euskal Herrian, Europan... Zuzenekoa grabatzea erabaki genuenean Getxon egingo genuela argi zegoen.

Zuek panderoa beso azpian etorri zineten mundura? Musikari jaio edo egin egiten da?


Azkenean etxean daukazunak eragin handia dauka. Ikerren familiak sei belaunaldi eman ditu txistua jotzen, Agusen aitona trikitilaria, Anderren aita eta anaia musikariak… Denak eragiten du, baina musikari batek musika barruan darama jaiotzen denetik.

Malagan eta Navelgasen jasotako sariek eta leku askotan izan duzuen harrera beroak erakusten du hizkuntza ez dela musikarentzako oztopo?


Hizkuntza ez da inoiz oztopo izan gure musika atzerrian defendatzeko. Euskal musika euskaraz egin behar da eta atzerrian ere talde euskaldun bat ikustera doan publikoak euskara entzun nahi du. Oztopoa izan barik, kontrakoa esango genuke: jendeak baloratzen du.

Zer esango luke Korrontzik burua altxatuko balu? Folka bere eremutik atera duzuela agian?


Ez, ez dut uste. Korrontziren garaian edozein motatako abestiak jotzen ziren trikiarekin: baltsak, pasodobleak, fandangoak. Modan zegoena jotzen zuten trikitilariek eta ez zizkioten mugak jartzen jotzen zuten musikari. Korrontzik eta bera bezalako beste askok egindakoa lepoan hartu eta aurrera segi dugu.

Mitologia gutxi jaso duzue, baina aldi berean badirudi penintsulako herri zaharrenak batzeko ezinbestekoa dela Akelarrea...


Bai, ezta? Akelarre kanta jai bihurtu zen agertokian Faltriqueira eta Xavirekin. Galizia, Katalunia eta Euskal Herria dantzan. Oso berezia izan zen kontzertuko une hura.

ASTEKARIA
2009ko otsailaren 15a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude