argia.eus
INPRIMATU
Gaza
Igor Estankona 2009ko otsailaren 15
“Hemen gaude, taberna honetan, eta bai, gogoan ditugu orain Gaza gainera erortzen ari diren bonbak, baina laster aldatuko dugu haria. Hemen ikusten ditugun guztiak, gure antzera trago bat hartzen ari direnak, segurutik, gogoan izango dute Gaza, eta iritzi bat ere edukiko dute han gertatzen denaz. Beste batzuk ez dira gogoratu ere egingo, ez dute pentsatu ere egingo horretaz. Hori, batzuk zein besteok egiten duguna, Gazan gertatzen dena baino askoz txarragoa da”.
 
Lagunaren hitzetara itzultzen naiz behin eta berriro, taberna batean, Bartzelonan geunden. Gogorrak eta esanahiz beteak iruditu zitzaizkidan. Askotan datozkit burura eta neure buruari galdetzen diot: Gazan gertatzen dena baino txarragoa? Eta gero eta argiago dago: arrazoi du.
 
Sufritu dutenek ulertzen dute sufrimendua. Elurra bezalatsu da: dena erretzen du, lurra prestatzen du udaberrirako. Gutako askok lasaitua hartzen dugu ikustean masakre itzel hori bukatu dela, ezer balio ez duten menien garaia dela. Finean oharkabetasunera itzuli gara. Darabilten estrategia da: antsietatea eurek sortu, eta antsietate horretatik eurek libratzen gaituzte.
 
Baina horrela ez da udaberririk izango, ez behintzat Gazan, ezta geugan ere. Sufrimenduari aurrez-aurre begiratuz, hau da, sufrimendurik gabe, ahal izango gara sumindu modu sano, iraunkor, emankorrean. Milaka pertsona ariketa horixe eginez, iraultzak horrela gertatu dira.