argia.eus
INPRIMATU
Eusko Legebiltzar ez demokratikoa hautatuko da
Xabier Letona Biteri @xletona 2009ko otsailaren 11
D3M
Askatasuna eta D3M hauteskunde lehiatik kanpo utzi ondoren, Alderdien Legeak bata bestearen atzetik egotzi ditu hauteskunde lehietatik ezker abertzaleko alderdi edo hautes zerrendak. Oraingoan, eta lehenbiziz ia 30 urtetan, Eusko Legebiltzarrak ez du izango ezker abertzale nagusiaren ordezkaritza politikorik. Nafarroako Legebiltzarrean 2007ko foru hauteskundeetan utzi zuten ordezkaritzarik gabe eta berdin beste udal ugaritan ere. Bizitza instituzionala ez da geratu erakunde horietan, politikariek –haiei dagokien eremuetan bederen– herritarren bizitza kudeatzen jarraitu dute, eta kanporatutakoen aldian behineko protestengatik ez balitz, denak normal jarraitzen duela irudiko luke.

Baina denek dakite ez dela horrela, denek dakite ETAren aurkako gerran tresna bat gehiago dela Alderdien Legea, eta dozenaka milaka herritarren eskubide oinarrizkoenak urratzen direla. Denek dakite hori horrela dela, batzuek bultzatu egiten dute, besteak aurkakotasunetik isiltzen dira eta salatzen dutenak ere badira. Baina hutsune demokratikoak diren erakunde horietan, salaketak nekez hartzen du indar eraginkorrik.

Ez dago irtenbiderik bide horretatik, asperduraraino errepikatu da eta hala egiten jarraitu beharko da. Eta Eusko Legebiltzarraren osaketa berria demokratikoa ez dela izango ere errepikatu beharko da behin eta berriro, bai hauteskunde kanpainan eta baita legegintzaldian ere. Ez ei dira ideiak legez kanporatzen –espetxeratzen–, baina zer dira ideiak, hauek interpretatu, defendatu eta garatuko dituzten pertsonarik gabe? Nola eska dakioke Batasunako bati Aralar edo EAri botoa emateko aukera duela, hauek ere independentziaren alde daudelako? Zergatik ez eskatu Patxi Lopezi berari Juan Jose Ibarretxeri botoa ematea berau ere askatasunaren alde dagoelako?

NBE-KO Martin Scheinin kontalari bereziak ez du horrenbesterik esan –ezta esango ere–, baina Espainiak alderdiak legez kanpo uzteko duen legediaz pilatutako gomendioek nabarmen lotsagorritu beharko lukete zuzenbide estatuan oinarritutako edozein gobernu. Ez da horrelakorik gertatuko Moncloan, are gehiago luzatutako gomendioek Espainian duten oihartzuna hutsaren hurrengoa denean. Baina horrek ez du esan nahi espainiar agintariak halakoen aurrean eroso direnik eta, jakina, zenbat eta zabalkunde handiagoa are eta deserosoago. ETAren jarduerak giza eskubideak molde askotara urratzen dituela dio kontalari bereziak, eta ondoren Espainiaren ilegalizazio politikak giza eskubideen ikuspegitik arinak eta arriskutsuak direla ohartarazten du. Norabide biko salaketa horrek egiten du sinesgarri Scheinin jauna.

POLIZI irtenbidea, ez dagoela besterik. Molde batera edo bestera, hori da finean joan-etorrian darabilten mezua, asperduraraino errepikatua. Eta gezurra izan arren, itogin horrek putzua egiten du gatazkaren nekean. Ilegalizazio politika eta bere ondorioen etengabeko salaketa da gezur horren aurkako antidoto garrantzitsuenetakoa, baina ez bakarra. Ez dago putzua lehortzerik legez kanporatutako ezker abertzaleak berak ere XXI. mendeko Euskal Herriaren eta Europaren ezaugarri politikoetara egokitzeko ahaleginetan sakontzen jarraitzen ez badu.

Ostiralean ekingo zaio 15 eguneko hauteskunde kanpaina ofizialari eta –eufemismoan sakonduz– jadanik botoa ofizialki eskatu ahal izango da: hautagai batentzat, abstentzioarentzat, botoa baliogabetzeko... Eta bitartean ETAren hurrengo atentaturako ere prestatu beharko dugu, Estatuaren kolpe bakoitzari indarrez erantzun baitio erakunde armatuak beti, eta bereziki hauteskunde garaian. Ea oraingoan EAE-ANVko zein udaletan.