Pasa den asteazkenean aurkeztu zuten Euskaltzaindiko egoitzan PuntuEus elkartea, Interneten .eus domeinua lortzeko lanean hasita dagoena. 2008ko apirilaren 2an eratu zen elkartea, euskararen eta euskal kulturaren arloko hainbat talderen bultzadarekin. Besteak beste, bertan daude Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Partaide Ikastolak, Euskal Herriko Unibertsitatea eta EITB. Katalanek 2005ean lortu zuten .cat domeinua, hizkuntza eta kulturak Interneten ikusgarri bilakatzeko lehen domeinua. PuntuEus elkarteak haiek diseinatutako bideari jarraituko dio. Interneten: www.puntueus.org.