"Bossak baditu hamaika trikimailu goxotasuna transmititzeko eta horrek liluratu nau beti"
“Aro eta hiri eri eta eroetan” bizi gara?
Jakina. Hiri bakoitzak baditu bere tasunak eta keriak, eta bakoitzak bere garaian deskribatu beharra du bere artearen bidez, nik uste.
No mundo dos fugitivos iraultzarako deia al da? Arrain txikiek badakite halako indarra dutela?
Dudarik gabe iraultzarako deia da, baina orokorra gainera. Iraultza txiki bakoitzak ekarriko du iraultza orokorra! Arrain txikiak ekartzen ari dira aldaketa, bai obamalandian baita Euskal Herrian ere.
Zer eman dizu bossak, beste musika estilo batzuk eman ez dizutena?
Gitarra jotzaile naizen aldetik, bossak baditu hamaika trikimailu goxotasuna eta berotasuna transmititzeko, eta honek guztiak liluratuta eduki nau beti. Horrez gain, bossak eman dit bizitzaren sentimendu tropikal bat!
Erbestearen ideia, Sarrik hain ondo deskribatzen duena, zeurea egin al duzu inoiz? Musikaren alorrean ezohiko estiloetan aritu zaren heinean, esan nahi dut.
Musika osotasun bezala ulertzen dut, ez naiz inon ere “erbesteratuta” sentitzen musikan, baina gure familian badakigu zer den erbestea ere.
Martxel Mariskalek dauka zuen zonaldean letragile ospea, baina zu ere poeta txukuna zaitugu...
Oso aspalditik datorkit, baina ezkutuan eramaten dut, kar, kar. Oraintxe animatzen hasia nago zer edo zer argitaratzera.
Leire Lealek ixten du zirkulua? Ez al zen ba, ez hasierarik ez bukaerarik ez daukan espiral edo kiribil bat?
Polita da libre uztea interpretazioa, baina nik erditik kanpora zabaltzen den espiral moduan ulertzen dut diskoa. Hala ere, agian badago zirkulua egitea, diskoa bukatutakoan “repeat” ematen badiozu.
Nola daramazu Zurak izan duen harrera beroa? Entzuleei erreparatzen ez dien sortzaileetakoa zara?
Oso gustura nago, oso kontent harrerarekin eta zuzenean jotzeko gogo handiz. Zirkuluaz ari zinela, nik uste publikoarekin ixten dela zirkulua musikarientzat.