Ez dakit zergatik baina ez gara konturatzen. Hitz egiten dugun bakoitzean, gure eleak, berbak, iltzatuak geratzen dira. Ez dut sinesten, maltzurkeria delako, betiko esamoldeen liturgia: “Hitzak haizeak eramaten ditu”, eta antzekoak. Gure akatsak zuzendu nahian eraikitzen ditugu horrelakok eta beste. Bai onartzen ditut beste hauek: “Hitz egin baino lehen bi aldiz pentsa ezazu”. Eta ni orain saiatzen ari naiz, hemen, idazten ari naizen honetan, bihar ez damutzeko moduko zerbait esaten. Are gehiago. Idatzia geratuko da. Eta hemen jada ez du balio, “nik ez nuen hori esan nahi” eta antzekoak plazaratzea. Lehenik eta behin, norberarekin zintzotasuna, eta gero, gure aldamenekoarekin. Behar bada, hau ahaztuegia daukagu. Horregatik tentuz ibili beharrean gaude, egun, hainbeste diskurtso, hainbeste hitz eta promesaren atarian gaudenean. Egia da, askotan egoten garela zain, entzun nahi ditugun hitzen esperoan, baina horrek norberaren belarriak gozatzeko baino ez du balio. Balio duena, benetan denentzat entzungarria izango den zerbait esatea da. Agian esaten ez den hori. Otegik honetaz badaki zerbait.