argia.eus
INPRIMATU
EHLG eta Iparraldearen etorkizuna
Juan Mari Arregi 2009ko otsailaren 04a
Prefeturak eskatuta, Baionako auzitegiak joan den ostegunean Euskal Herriko Laborantza Ganberako Mixel Berhokoirigoin lehendakaria epaitu zuen, izena eta funtzio publikoa usurpatzeagatik. Frantziako legeak dio departamendu bakoitzeko badela Chambre d'Agriculture bat eta beraz, ezin dela EHLG moduko erakunderik izan. Epaiketaren emaitza ez dugu ezagutzen, baina hainbat hausnarketa egin dezakegu. Ez dute epaitu Laborantza Ganberaren izena eta egitekoa. Epaitu dutena da, erakunde publikoek onartzeko, Euskal Herriko organo baten alde egin den mugimendua. Epaitu dutena da, eraikuntza nazional zibilerako estrategia osoa. Azken finean epaitu dutena da Iparraldearentzako erakunde propioaren aldarrikapena.

Epaia epai, Ganberak herritarren babes handia du: herriko etxetako 700 zinegotzi, alkateen eta departamenduetako kontseilarien gehiengo osoa, eta erregioetako kontseilari erdiak. 7.500 pertsona baino gehiagok babestu du Laborantza Ganbera hainbat ekitalditan. Baionako epaiketan Hegoaldeko 2.000 pertsona izan ziren. Epaileek Ganbera zigortu arren, herritarrek babesten segiko dute. Iparraldearen eraikuntza nazionalaren etorkizunarentzat oso garrantzitsua da urrats hori. Baditu aldarrikapen gehiago: Departamendua, euskararen ofizialtasuna eta unibertsitatea. Prefeturak badaki hori dena; dirudienez atzerabueltarik ez duen prozesua geldiarazi nahi du.