Diskoetxeen heriotza, kulturaren birjaiotzea

  • Diskoetxeen iturria agortzen ari da. Heriotzaren itzala izkinatik agertzen ikusten duen gaixo terminalaren antzera, etsipenez heltzen diote edozein iltzeri. Azkenaldian, bizirik mantentzen duten intubazioak askatzen hasi zaizkio industriari. Bide penaletik epaileek P2P sareei eman diete arrazoia. Bide zibilean dute diskoetxeek azkeneko esperantza. Euren heriotza kulturaren birjaiotzea izan daiteke.
Diskoetxeen heriotza
Diskoetxeen heriotza
Telebistan, irratian eta prentsan agertzen diren iragarki batzuk ikusita, pirateriaren arazoa oso larria dela pentsa genezake. Ematen diren informazioetan arreta jarrita, ordea, kontuak oso itxura diferentea du. Urtetan, diskoetxeek eta egile eskubideen kudeaketa-erakundeek salaketaren aukera jokatu dute. Hasieran, artxiboen elkartrukatzea ahalbidetzen duten P2P sareak erasotu zituzten. Arazoa begi-bistakoa zen. Baina sare bat ixtea lortuta, beste pilo bat agertzen ziren nonahi.

Gainera, epaiketen kasuek oihartzun handia izan zuten medioetan eta, ondorioz, publizitate ikaragarria egin zitzaien P2P sareei. Napsteren erabiltzaile kopurua hirukoiztu egin omen zen bi urtean, gehienbat, epaiketen albisteen bidez jasandako promozioari esker. Napster ixterakoan haren erabiltzaile ohi guztiek antzeko beste zerbitzuetara jo zuten.

Hori gutxi balitz, legea ere aurka zuten. Izan ere, P2P sareek ez dute legerik hausten, ez baitute artxiborik gordetzen, erabiltzaileak harremanetan jartzen dituzten zerbitzari soilak dira. Are gehiago, pirateria ere ez dago legetik kanpo. Hala azaltzen da zehazki El Paísek pasa den abenduaren 1ean argitaratu zuen Las 10 verdades del P2P que dice Cultura que son mentira (Kultura ministerioak P2Paz esaten dituen 10 egiak gezurra dira) artikuluan.

Bidearekin amaitzea ezinezkoa zela ikusita estrategiaz aldatu behar izan zuten. Musika industriaren nagusiek erabiltzaileetara eta software hori garatzen duten informatikoetara bideratu zituzten euren esfortzuak. Porrot egiteko bokazioarekin jaio zen estrategia hau ere. RIAAk (Amerikako Grabaketa Industriaren Elkartea, ingeleseko sigletan) onartzen du bere webgunean salaketa multimilioidunen eginkizun nagusia beldurtzea dela. Oso esanguratsua da, zalantzak argitzeko atal batean azalpen gehienak ondorengo esaldiarekin amaitzea: ‘ordaindu pixka bat orain, edo pilo bat gero’.

Egile eskubideen kudeaketaz arduratzen diren elkarteek esaten dute ez daudela Internet bidezko abestien deskargaren aurka, eta ordaindutako abestiak jaistea defendatzen dute, horrela kantariek egile eskubideak kobratu ahal izateko. Formula hori defendatzeko, Radioheaden eredua jartzen da maiz. Talde horrek iTunesen jarri zuen In Rainbows - From the Basement DVDa, ordainduta deskargatzeko, dendetan salgai egon baino lehen. Interneten harrera ezin hobea izan arren, dendetan ere arrakasta handia izan zuen.

Adibide horrek zerbait demostratu zuen, Internetek ez duela zertan salmenten jaitsiera ekartzen. Horregatik, Metallica taldeak, iraganean Napsteren borrero izandakoak, formula bera errepikatu zuen iaz, Death Magnetic atera zuenean. Zerbait esan nahi izango du duela oso gutxi Internet bidezko deskargen aurka hain biziki borrokatu zuen taldeak orain online deskargak bultzatzeak.

Beraz, egia ote da pirateriak musikaren industriarekin amaituko duela? Beharbada musika industriaren gaur egungo moldea akabatuko du. Eta honek esan nahi du diskoetxeek euren boterea galduko dutela. Pirateriak ez dakar diskoen salmenten gutxitzea; jendearen eskura dagoen disko kopurua handitzen du eta, hortaz, talde bakoitzak gutxiago saltzen du. Nortzuk dira kaltetuak? Orain arte gehien saldu izan dutenak, hau da, diskoetxe handietan daudenak. Ondorioz, talde eta bakarlari ‘txikientzat’ egoera hobetu egin da: hori ona da kulturaren osasunarentzat.

Pirateriari esker, beste modu batean ezagutuko ez genituzkeen taldeak ditugu eskura. Normalean, entzundako disko bat gustuko badugu, talde horrekiko interesa pizten zaigu. Talde horren kontzertuetara joango gara eta, ziurrenik, hurrengo diskoa erosi egingo dugu.

Pirateriari esker –eta orokorrean, Interneteko baliabideei esker–, lan baten promozioa nabarmenki merkatu da. Público egunkariko zuzendari ohi Ignacio Escolar-ek bere Por favor pirateen mis canciones (Mesedez, pirateatu nire kantak) artikulu ezagunean azaldu duen moduan, “entsegu lokalean eta instrumentu eta anplifikadoretan denbora eta dirua xahutzen dituzten ero gehienen antzera, nahiago dut jendea nire musika entzuteaz arduratzen dela jakiteak sortzen didan gogobetetzea, saldutako kopia bakoitzeko jasotzen ditudan 30 pezetak baino”.

Honek guztiak esan nahi al du talde ‘handientzat’ egoera latza dela? Ez guztiz. Bestela ikusi aipatutako Coldplayren eta Metallicaren kasuak eta, batez ere, euren munduko tour arrakastatsuak.

Gaur egun musikak inoiz baino diru gehiago ematen dio industriari. Baina, noski, industria hori bere osotasunean ulertu behar da. Pirateria diskoetxeen etsairik handiena baldin bada ere, kontzertuak antolatzen –eta ematen– dituztenei fabore handia egin die. Management enpresen garaia iritsi da.

Pirateriaren kontrako argudiorik hedatuena artisten hondamena da, baina kontzertuen sarreraren hazkundea kontutan izanda, indarrik gabe gelditzen da. CD bakoitzeko artistak prezioaren %6 inguru jasotzen du. Kontzertuetan, aldiz, etekinen %80.

2003. urtean Fitok (Fito&Fitipaldis taldeko burua) Lo más lejos a tu lado diskoa promozionatzeko eman zuen elkarrizketa batean argi azaldu zuen. Ofizialki 100 kopia eskas saltzen zituzten herri batzuetan 1.000 pertsonentzako aretoak betetzen zituzten. Egin kontu. Fito&Fitipaldisen kontzertu baten sarrerak 21 euro inguru kostatzen duela, eta CDaren prezioa horren parekoa dela kontutan izanda, kontzertura joan eta CDa erosi ez duten 900 pertsona horiei esker, Fitok 15.120 euro gehiago irabazi ditu. Kontzertu bakarrean. Saldu ez dituen CDengatik irabazi ez dituen 1.134 euroekin alderatuta, argi gelditzen da pirateriaren faborea.

Orduan, zergatik ari dira musika industriaren krisiaren kontua saltzen? Orain dela urte batzuk, musika berria entzuteko modu ia bakarra irratia zen. Eta irratian kanta bat jarri nahi duen edonork ordaindu egin behar du. Hortaz, irratian entzuten zen musika, ordaintzeko dirua zeukan diskoetxeetako taldeena zen gehienbat. Hau da, diskoetxeek, irratiaren bidez, zein musika entzun agintzen zuten.

Orain, irratian agertzen ez diren taldeen musika ezagutzeko baliabide gehiago daude. Normala da diskoetxeak haserre egotea, eragiteko gero eta gaitasun gutxiago daukatelako.

Internetek eskaintzen duen mugagabeko eskuragarritasunak kultur produktu tradizionalen desagertzea ekarriko duela pentsatuko du batek baino gehiagok. Oker ibiliko da, bada. Alde batetik, retro moda dela eta, gero eta binilo disko gehiago saltzen dira. Bestetik, produktu digitalen kalitatea hobetzea nahitaezko bihurtu da. Diskoak saltzea zailagoa dela jakinda, taldeek gehiago landu behar dituzte euren lanak besteen gainetik nabarmentzeko. Gaur egun, ia pentsaezina da baliabide ekonomikoak dituen talde batek bere CD berria DVDrik gabe, edo beste gehigarririk gabe ateratzea. Horrela, digipack, edo CD+DVD formatuak nagusi dira.

Esaterako, Barricada taldearen azkeneko hiru argitalpenak horrelako kutxak izan dira. Hogeita bost urteko ibilbideak merezitako luxua, bai, baina dendetako apaletan presentzia mantentzeko baldintza ukaezina ere bai, baita artista kontsakratuentzat ere. Eta pentsatu edozein taldetan. Zenbatek ez du atera azken urteotan antzeko produkturik?

Beraz, kultura momenturik onenean dagoela esan daiteke. Garai zoragarria da bai artistentzat, bai kultura-kontsumitzaileentzat. Diskoetxeak desagertuko dira, beharbada; baina horrek artistei autonomia handiagoa eman diezaieke sortzeko eta euren lanak ezagutarazteko. Kaleko jendeak baliabide gehiago izango ditu entzun nahi duen musika aukeratzeko, eta errazago izango du kultura eskura. Kultura, zibilizazioaren oinarria.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude