argia.eus
INPRIMATU
Marrazketan...
Andoni Mujika Ulazia @mujikaandoni 2009ko otsailaren 01
Andoni Mujika
...suspenso. Beharbada oker nabil, zoritxarrez ezetz uste dudan arren, baina egonezina sentitzen dut pentsatzerakoan gure herrian marrazketa librean –etorkizun interesgarria irudikatzeko eta hartara hurbiltzeko balio duen arte plastiko estrategikoan– ez dabilela inor. Findu ezkero, esan beharko nuke, akaso norbait badabilela, baina marrazkilari txarra da edo inork ez dio bere obrari begiratzen. Konstatazio penagarria bata zein bestea. Oraindik okerrago ere esan daiteke: Euskal Herrian marrazketa libreak beldurra ematen digu. Eta horren aurrean, beldur edo inkonpetentzia horren aurrean, itsu-itsu, erosoago sentitzen garen lurraldera jotzen dugu azkar, egunerokora, ekite automatara edo zentzunbako kudeaketara. Esaterako, Jaurlaritzaren epelera edo urtetako jokamolde fosilizatu/komentzionalen erreprodukziora. Eta altu esan behar dut: lider politiko, abertzale, kooperatibo, sozial eta abar horiek ez daukate perfilik gure herria gidatzeko, ez baitira gauza, ez biderik marrazteko, ez bidezidorrik, ezta autobusik gidatzeko ere. Bidaiari lokartuak dira. Hauen artean instalatu dira gure esperantza kapitala –epe fijoan jarria geneukana– kudeatu behar zuten zenbait anai-arreba politiko, abertzale, ezkertiar, kooperatibo eta sozialak.