argia.eus
INPRIMATU
Literatura
Zavalaren zabalaz
  • Aurtengo urtea hasi berritan hil zaigu Antonio Zavala. Euskal kulturaren figura erraldoi bat –akaso kasta horretako azkena– galtzeak eragin zidan tristurari harridura eta haserrea gehitu zitzaizkion, hurrenez hurren, Zavala hil eta hurrengo egunetan.
Joxerra Garzia 2009ko urtarrilaren 27a
Antonio Zavala
Antonio Zavala
Geurea balioesten zeinen kamutsak garen, horixe otu zitzaidan aurren-aurrena, Zavala hil eta biharamuneko prentsa irakurtzerakoan. Hilabete lehenago doi-doi, beste erraldoi bat, Mikel Laboa, hil zenean, kantariaren irudiak hartu zituen egunkari gehienen lehen planak. Zavalari ez diote hedabideek Laboari eskainitako laurdenik ere eskaini, eta hor hasi zitzaidan tristura harridura eta harridura haserre bizia bihurtzen. Gipuzkoan irakurriena den egunkariari itzal egiteko sortu omen den egunkariak hautsi zituen marka guztiak, Xabier Zavalaren heriotza iragarriz. Nik dakidala, ez du egindako okerrarengatik barkamenik eskatu, eta ez du tamaina horretako lehena ere. Egun batzuk lehenago, Joxe Austin izeneko idazle bat aipatzen zuen, Joxe Agustin Arrieta ageri zen argazki baten iruzkinean: zein merke ateratzen den euskal kontuetan ezjakina izatea!

Uler bedi ondo: Zavalari eskaini ez zitzaion lekua deitoratzen ari naiz, ez Laboari eskaini zitzaiona eztabaidatzen, hori eta gehiago merezi zuen eta. Pentsatzen hasita, zer alde egon liteke euskal kulturaren bi erraldoi hauen artean? Erantzuna, nire ustez, begi bistakoa bezain etsipengarria da: Laboa aldez edo moldez gozatzeko ez dago euskaraz jakin beharrik; Zavala gozatu eta miresteko, aldiz, bai. Horregatik ote gara hain aberats, punta-puntako eta mundu-munduko mutu izanik edo erdaraz ere euskal izan daitezkeen arteetan –pintura, eskultura...–, eta hain pobre, arlote eta konplexudun hitza ezinbesteko dutenetan?

Akademiaren mundu endogamikoan, asko dira Zavala hil denik ere jakin ez dutenak edo, are okerragoa dena, Zavala hil dela jakinda ere nor hil den ez dakitenak. Beste batzuek, hantusteak hain berea duen gurasokeriaz, biltzaile handiaren gradua aitortu diote Zavalari, hark bildutakoari inolako balio akademikorik ematen ez dioten arren.

Ez dut nik ukatuko, begi bistakoa baita, Zavalak biltze lan miresgarria egin zuenik. Bildu, ordea, estimatzen dena bakarrik biltzen da. Inork ez du bere ustez ezertarako balio ez duen generoa biltzeko lanik hartzen. Zavalari hori zor diogu ororen gainetik: geurearen balioa erakusten hainbeste urtez eta hain baliabide urriz erakusten tematu izana. Ez da jarrera kontua soilik: balio duenaren eta ez duenaren arteko ganorazko bereizketak oinarri sendoa behar du, eta nik gutxi ezagutzen dut, batere ezagutzen ez dudala ez esatearren, Zavalarenaren mailako ikerketarik.

Baina ustezko jakintsu ofizialen ezjakintasuna deitoragarria bada, are deitoragarriagoa litzateke Zavala merezi bezala goraipatzen ahalegindu garenok laudoriotan bertan gozo egitea. Hauspo erraldoi bat utzi digu Zavalak, eta guri Auspoa gure gaurko premietarako erabiltzea dagokigu, Zavala bigarren aldiz ehortzea bailitzateke Auspoa antzinako tresna bitxien museoan alferrik galtzen uztea.