Euskal Herrian monologoak egiten hastea ere...
Zergatik ez? Ez da beste munduko ezer behar. Pertsona bat, mikrofono bat, eta grazia pixka batekin kontatzeko moduko zerbait. Hori edukita, funtzionatzeko osagai guztiak daude Euskal Herrian.
Esadazu Euskal Herrian edozeri buruz egin daitekeela barre.
Ñabardurak ñabardura, bai. Neskak utzi nau, kotxea izorratu zait, kaka zapaldu dut, eta zer? Galtzen den azken gauza ez da esperantza, umorea baizik.
Bai zera, Sestao eta Mauleren arteko erreferentzia-muga umorea baino berantago galduko dugu!
Internetek erreferentzia asko zabaldu eta berdindu ditu. Izugarri globalizatu da umorea. Txiste puntualak egokitu eta aurrera, ez da arazorik egoten.
Jakina, zu aktorea, gidoilaria, umorista, aurkezlea... zarelako izango da!
Ez daukat erremediorik,
hombre txaranga horietako bat naiz.
Diozuna baino langileagoa ez ote zaren...
Inprobisatzea asko gustatzen zait, baina beti ere bizkarrak gidoi sendo batekin estalita. Antzezten dudanean ere neu naiz, baina enfasia jarri, narratu, eta trantsizioak zaintzeko lan dexente egiten dut.
Ez esan txisteen grazia ere aurreikusten duzula.
Egin ahala jabetzen zara esku artean duzunaz. Gerta liteke izartzat zenuen ateraldia besterik gabe pasatzea, eta huskeriatzat zenuenak arrakasta lortzea. Publikoa da barometrorik onena.
Ederki geratu zaizu...
Idatzita dagoenak eta ikusten denak ez daukate zerikusirik. Gorputz espresioak dena aldatzen du. Askotan, errazago egingo genuke barre nire monologo bat audiorik gabe ikusita paperean irakurrita baino.
Glamour gutxiko aktore baten seinale da hori. Horregatik bazkaltzen duzu zure publikoarekin?
Oso baliagarria zait. Uneoro gauzak moldatu eta egokitzeko balio dit. Oholtzara igotzean, “zer arraio esan behar digu honek” pentsatzen dute denek, eta fuerte hastea komeni da. Horretarako primeran datorkit publikoko aurpegiekin aurrez familiarizatzea.
Euskarazko monologoekin familiarizatuko gara?
Ikastola garaian zibarekin gertatzen zena gertatzen da, moden menpe gaudela. Baina oso modalidade eskuragarria da, eta jendeak eremu txikietan egiten duena eremu handiagotara eramango balu, harrobi galanta legoke. Talentua badago. n