Entzun dut gaur goizean, zaharraren azkena den honetan, han eta hemen. Uzten dugun hau, nire aurrejubilazioaren lehena, berezia izan da. Berrogeitik gora ogibidean emanak, azken honek berrikuntza zenbait ekarri dit. Egunero asteburu. Berandu oheratu, nahi dudanean jaiki. Eta goizero, garai batean asteburutan bezalaxe, eguna niretzat ordulariari kasurik egin gabe. Agenda txikia aski, ezagun berriak egiteko aukera, eguneroko paseoan gurutzatzen ditudanak. Ez dut haien berri, ez dakit nongoak diren, zertan dabiltzan, zertan pasa duten aurrekoa. Hala ere, urte berri on esan diogu elkarri gaurkoan betiko lagunak baikinen. Agendatik zenbait izen desagertzen ari zaizkit. Lagunminak tarteko, berrientzat lekurik ez dut behar, ez dugu astirik, aurki orritxo batean sartuko zaizkit gelditzen zaizkidan denak. Bizi beharrak hartzen zigunez denbora gehiena, orain orduan egin ezin izanak egiteko entrenamendua falta zaigu. Hau alukeria. Irakurtzen hasi eta ordu betean begiak lausotu. Kantuak ontzeari eman, eta partitura irakurtzen traboka ibili zabuka, buruan itxuratzeko nekez gabiltzala. Beharrik CDek soinu bikaina dutela eta ordenagailuen teknologietara garaiz iritsi garela. Ez gara geldituko lagunen agendatan gauzkaten bitartean.