Popeye marinel espinakajaleak 1929ko urtarrilaren 17an eman zizkion aurreneko zupadak bere pipari, Thimble Theatre komiki tiretan. Elzie Crisler Segar estatubatuarrak (Chester, 1894 - Santa Monica, 1938) sortu zuen pertsonaia hori. 80 urte bete dira Popeye jaio zela, eta 70 Segar hil zela. Zeresan franko emango duten zifrak dira. Eta, nork daki, litekeena da Europa eta AEBen arteko liskarra piztea.
Izan ere, egile eskubideei buruzko Europako legediak dioenez, autorea hil eta 70 urtera, bere obra jabetza publikora pasako da. Horrek esan nahi du Popeyeren marrazkiak libreki erabili ahal izango direla kamiseta, jostailu, bideo-joko, komiki eta abarretan. AEBetako copyright legediaren arabera, ordea, pertsonaiaren –kasu honetan, Popeyeren– sorreratik 95 urte igaro behar dira jabetza publikora pasatzeko; 2024ra arte, beraz, ez litzateke halakorik gertatuko. Kontuan izan behar da, bestalde, Popeye marka erregistratuaren jabea King Features Syndicate erakundea dela, AEBetako komiki tirak kontrolatzen dituen sindikatu indartsuenetako bat. “Marka erregistratua” eta “egile eskubideak” kontzeptuek ez diote legedi berari jarraitzen, eta argi dago King Features sindikatuak bere esku dagoen guztia egingo duela Popeye bezalako diru iturri oparoa ez agortzeko.
Europarrek Segarren marrazkiak libreki erabiltzeko aukera izango dute, baina hori bai, Popeye, Olive Oyl eta Bluto bezalako marka erregistratuak erabiltzerik ez dute izango, ezta obra horiek AEBetan merkaturatzerik ere.
Egile eskubideen legedi konplexua auzitan jarriko dute orain zenbaitzuk, batez ere euren poltsikoei eragiten badie. Ahalik eta etekin handiena lortzen saiatuko dira besteak, jakin baitakite Popeye marinelaren ostean Betty Boop, Mickey Mouse edo Superman bezalako pertsonaien txanda helduko dela.