Carme Junyent Katalunian 1992an sortutako Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades-eko (GELA) lehendakaria da. Aniztasun berria, hizkuntza gutxituendako aukera berria izeneko hitzaldia eskaini zuen. Argian ezaguna dugu Junyent, Kataluniako hizkuntz errealitateaz esandakoak jaso izan ditugu. Ñabardura batzuk gehiago jasotzea pentsatu dugu oraingoan.
1970eko bukaera aldera unibertsitatean sortutako mugimendua ekarri zuen gogora Junyentek. GELAren aurrekariak ziren haiek. Atzerritarrak zihoazen, Espainiatik eta urrutiagotik. Katalanaz arduratutako unibertsitateko ikasle-irakasleek ez zuten nahi etorkinek espainiarren kulturarekin identifikatzerik katalanak. Lurraldeak garrantzia du; Kataluniak berezko hizkuntza du. Katalanaren eta gaztelaniaren arteko orekarik ez du espero Junyentek, ordezkapena baizik. Bere ustez, hizkuntza anitzeko gizarteak askoz eraginkorragoak dira hizkuntza bakarrekoak baino. 1992an nonbaiten irakurri zuen bere ahotan jarritako esaldi hau: “Katalanak ez du etorkizunik izango beste hizkuntzek ez badute”. Berak ez zuen halakorik esan, baina gustatu zitzaion esaldia. “Beste hizkuntzak” Katalunian 300 inguru dira. Nola lortu elkarbizitza hainbeste kulturaren artean? Eta nola sentitu katalan? Gambiako haurraren ateraldia aipatu zuen: “Katalanez hitz egiten dudanean ez naiz hain beltza”. Eta hegoamerikar gazteek, gaztelaniaz eginda ere, integratzeko dituzten arazoak azalerazi zituen. Izan ere, gaztelaniaz bai baina Katalunian egiten ez den modura aritzen dira eta bertako gazteek aurpegiratu egiten diete gaztelania diferentea. Hizkuntzaren barietate diskriminatuak sortuak dira.
Entzuleen galderei erantzunez, hizkuntza babesteko hiztunen erantzukizunaz aritu zen eta era berean legeaz duen itxaropen urriaz. Beste era batera esanda, “hiztunengana jotzen dut, besteen zain egon gabe. Guk egiten ez badugu, besteek ez dute egingo”.
Bere diskurtsoak zenbaterainoko onarpena duen galdetu zion entzule batek. Urte luzez marginatuak izan direla eta instituzionalki orain ere hala direla adierazi zuen. Junyent eta lagunek ordea, katalanaren normalizazio bidea irteerarik gabeko zuloan ikusi zuten eta beren bidea urratu.