argia.eus
INPRIMATU
Indigo ozeanoa Bergaran
Jakoba Errekondo 2009ko urtarrilaren 13a
Indigofera tinctoria
Laborategietan tindagaiak sintetizatu ahala gai naturalen baztertzea hedatu zen. Lauragues okzitaniarrean eta Ingalaterran urdin-belarrak (Isatis tinctoria) sortutako aberastasuna, alabaina, lehentxeago urardotu zen. Galtza, jipoi, buruko oihal... denak belar honen urdin zirenean, Herbehereetako tratanteek urdin-iturri merkeagoa ekarri zuten: anila edo indigoa, Indigofera tinctoria. Asiatik, inondik ere, XVI. mendean, nonbait. Orduko urdin-belar ekoizle aberatsen zinkurin eta lanturuei egungo bankarienen antza ematen diet. XVII. mendean azken urdin-belar ekoizleak, ingelesa, lur jo zuen.

Herbeheretarren ondoren makina bat jende aberastu zen indigoarekin. Bost bat mila urtetan hindua zena –erromatarrek India deituriko hartakoa– mundu guztira zabaldu zuten. Pagotxaren (Trifolium incarnatum) lekadunen familiako indigoaren ekoizleen pagotxa ere amaitu zen, XX. mendearekin. 1885ean Adolf von Bayer-ek, bizitza osoa horretara eman eta gero, indigoa probeta batean sintetizatzea erdietsi zuen. Eta tropikoetako azken indigogileak, ingelesa, 1912an lurra jo.

Sintetikoen ozeanoan landare urdingaiak ipulartar dira. Urdin, gorri... antzeko! Berezkoak dituzten kulturek eutsi diote landareok aldatzeari. Hauen soroen etorkizuna, tinta-tinetatik urrun, bere balore naturalen aldetik letozkeen etekinei begira, hau da, bere paisaia kulturalari errepara dago. Mexiko aldeko nekazarien begiak ehunetatik jakietarakoa egin du eta euren kaktusetako kukurrutxen karminak zukuak, izozkiak, gozokiak... gorritzen ditu. Urdin-belarra zura kontserbatzeko ederra dela antzeman berria dute Alemanian. Anilarekin egindako azaleko zauriak sendatzeko botikak berritzen eta ugaltzen ari dira Asian.