Hormonen kontra

Eider Rodríguez
Dani Blanco
Bada zenbakien bitartez mundua azaldu eta ulertu dezakeen jendea, baina bada hormonen bitartez mundua azaldu eta ulertzen duenik ere: emakume bat senarrarekin haserretzen dela, hormonak jauzika izango ditu; senarrak emakumea akabatzen duela, testosterona gehiegi; nerabe batek bere buruaz beste egiten duela, aldaketa hormonala betean egongo zen. Tira, nik ez dut gauza gehiegirik ulertzen afera honi buruz, eta egia baino zalantza gehiago ditut.
 
Behin, ikasle garaian, transexualak jendarteratzeko egoitza batera bidali ninduten, zuzendaria entrebistatzera. Bere kasuaz hitz egin zidan: generoa tronpatuta sortu zela, eta ar jaio arren eme sentitu zela beti, txiki-txikitatik, eta haurtzaro rokanboleskoa izan zuela horren erruz, pentsa. Nik, eme sentitze hura zer ote zen galdetu nion. Eta berak, ile luzea nahi zuela izan, eta belarritakoak, eta soka saltoan ibili, “neskatila bat izan, azken finean”. “Honek ez daki neskatila bat izatea zer den” pentsatu nuen. Eta fantasia mistiko haren izenean zakila moztu ote zuen galdetu nion nire buruari behin eta berriz, ez ote zen ekonomikoagoa guztientzat soka saltora adats luze errubioekin jolasten utzi izan baliote. Joan aurretik aitortu zidan, eskua hankartera eramanda: “ez dut moztu, baina urteak dira ez diodala begiratzen”.
 
Zorabiaturik atera nintzen lurrin eta bisturi usaineko egoitza hartatik: emakumezko edo gizonezko sentitu al daiteke inor? Eta hala bada, zeintzuk dira bata edo beste sentitzeko ezaugarriak? Estuegi zitzaizkion takoidun zapaten gainean urrutiratzen ikusteak sortutako errukia ezin nuen uxatu.
 
Urte batzuk geroxeago, Preciadoren Manifestu kontrasexuala irakurri nuen, gauza gehiegirik ulertu gabe, egia esan. Irakurri nuen, Santiago de Txileko Metales Pesados liburu-dendan ezagutu nuelako neska bulartsu eta bere gisara eder hura. Aurkeztu egin zidaten eta solasean aritu ginen, teoriak ematen duen babesa lagun, eta Preciadok, emakume edo gizonezko izatetik askatu beharraz hitz egin zidan, eta dildo, zakil eta aluen testura eta koloreei buruz mintzatu zitzaidan gartsu. Beso bat heldu zidan eta “hau zakil bat da” esan zuen, ume bati animalien izenak erakusten dizkionaren freskotasunaz.
 
Nire ezjakintasunaz berehala ohartuta, “Estudios de género” idatzita zuen apalategi batera eraman ninduen Preciadok. Artean, ez nuen “genero” hitzaren adiera hura ezagutzen (“Genero indarkeria” terminoa asmatu aurretik, nola esaten zitzaion putaseme batek emakume bat hiltzeari?). Nik, gaizki ulertutako jendetasunak aginduta, eta alemanekin batera, euskaldunok garelako errua –orotarikoa– barneratuen daramagun herria, bere liburua hartu, orriztatu, patrikak haztatu eta erosi egin nuen.
 
Irakurri beste egiteko hoberik ez nuela elur eternalen lurralde hartan.
 
Garai hartan, editore egiten nuen lan eta Pedro Lemebel idazlearekin nengoen lotuta bazkaltzeko, Preciado ezagutu nuen egunean bertan. De perlas y cicatrices eta El Zanjón de la Aguada liburuengatik ezagutzen nuen Txileko homosexualak literaturaren plazara jalgi zituen idazlea: fina bezain gordina, jasoa bezain aldiritarra, ezkertiarra, mundutarra, alaia, modernoa... Miresten nuen eta urduri nengoen. Bazkariaren erdian, eskua oratu zidan, eta lesbiana ote nintzenentz galdetu zidan itxaropentsu. “Zergatik?” nik. “Zigarroa erre duzulako bazkaltzen ari zinen bitartean”.
Nik ez ditut nire koktel hormonalaren proportzioak ezagutzen, eta ezagutuko banitu ere... Aizue, gaia –pixka bat– aldatuz: ez al zaizue iruditzen zutabegileon artean norbere buruaz –gehiegi– hitz egiteko joera zabaltzen ari dela?

ASTEKARIA
2009ko urtarrilaren 18a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude