Chicago, 1932. Al Capone ezaguna epaitu eta espetxeratu zuten. Hainbat bidetatik saiatu ziren Chicagoko mafiako burua atxilotzen, baina azkenean zerga-delitua leporatuta sartu ahal izan zuten kartzelan, helburua Caponeren legez kanpoko negozioak, alkohol trafikoa bereziki, geldiaraztea bazen ere. Herbert Hoover presidentearen administrazioak krimen antolatuaren aurkako brigada berezia sortu zuen, hamalau gizonez osatua eta, gerora, “ukiezinak” ezizenez ezaguna. Eliot Ness (1903-1957) buru zutela, Al Caponeren atzetik ibili ziren luzaroan.
Taldearen jardun heroikoaren xehetasunak literaturak eta zinemak kontatu dizkigute, Eliot Nessek berak argitaratutako liburuan oinarrituta, eta egiatzat jo izan dira luzaroan. Baina garai hartako lekukoek beste bertsio bat dute.
Egia da Eliot Ness Chicagon jaio zela, eta bertako Unibertsitatean ikasketak amaitu ondoren, 1927an Altxor Publikoaren Departamenduan lanean hasi zela, Chicagoko Alkohol Debekuaren Bulegoan hain zuzen. Handik aurrerakoetan, ordea, ez dirudi parekotasun handirik dagoenik Nessek zioenaren eta benetan gertatutakoaren artean.
Roland V. Libonati (1900-1991) AEBetako Kongresuko eta Alderdi Demokratako kide eta kargudun izan zen luzaroan, baina 20ko hamarkadan Chicagoko Unibertsitateko ikasle zen, Ness bezalaxe. 1924an abokatu lanetan hasi zen eta gertutik jarraitu zuen Al Caponeren aurkako prozesua. Eliot Ness bera ere ezagutu zuen. 1987an, Brian de Palmaren The Untouchables filma ikusi eta, haserre bizian, sekulakoak esan zituen ustezko heroiaren aurka: “Eliot Ness iruzurti hutsa zen. Norbait atxilotzekotan, etxeko sukaldean alkohol apur bat destilatzen aritzen ziren horietakoren bat atxilotuko zuen, eta ezta hori ere; bulegoko funtzionarioa baino ez zen eta ez zuen inolako zerikusirik izan Al Caponeren atxiloketekin”.
Libonatiren esanetan, “Nessek egin zuen gauza bakarra, afera guztia amaitu eta urte askotara, lege lehorra ia ahaztua zegoenean, liburu bat idaztea izan zen, autobiografia itxurako fikziozko nobela”. Eliot Ness artxibozain lanetan ibili zen bulegoan eta eskura zituen fikzio hutsezko istorio horri sinesgarritasuna eransteko behar zituen benetako datuak. Horiek bildu eta bera eta “ukiezin” mitikoak protagonistatzat zituen istorioa eraiki zuen.
1935ean, Lege Lehorra amaituta, Ness Clevelandera joan zen, bertako Segurtasun Publikoko Zuzendaritzan lan egitera. Baina 1942an dimisioa eskatu behar izan zuen, alkoholaren eraginpean auto istripua izan zuelako. 1944an Washingtongo Diebold Corporation enpresan hasi zen lanean, baina 1947an, Al Capone sifiliak jota hil zen urte berean, ezagutzen ez diren arrazoiak medio, lanetik bota zuten. The Untouchables liburua hil baino hilabete batzuk lehenago argitaratu zuen, 1957an.