Dani Blanco
Saihestezina zait Mikel Laboaren aipamena. Heriotza osteko laudorio sentituen ondoan, eta musikari, idazle eta adiskideek eskainitako omenaldi beroen atzetik, betidanik izan diodan goresmen zintzoaren aitortza egin nahiko nioke nik, apaltasunetik, musikazale besterik ez naizen aldetik. Eta baita esker ona adierazi ere, duela hamazortzi urte “punkaren aitona” zela esaten zitzaionean, etxeko ateak parez pare zabaldu eta batere gogoko ez zuena, hedabide baterako elkarrizketa, salbuespenez egiteko aukera eman zidalako.
Saihestezina zait, halaber, garai hartan, belaunaldien arteko etena agerikoa eta lotsagabea zenean, ondorengoenganako eraiki ziren zubiak aipatzea; Xabier Montoiaren bitartekaritza medio, indarrez zetozen talde berriek egin zizkioten keinuak nabarmentzea eta, bereziki, Fermin Muguruza orain hilabete eskas elkarrizketatu dudan beste fenomenoarekiko loturak espazio honetara ekartzea.
Parekotasunetatik hasita, abestien dekonstrukzioa egin zuen Laboak. Funts hori bera du, justuki, Dub musikak, Fermin Muguruzak jarraitzen duen moldeak, elkarrizketan bertan gogorarazi zidanez. Komunikazioa inkomunikazioa lan bikaina utzi zigun lehenak. Inkomunikazioa diskoan eta Komunikazioa erremixean, berriz, bigarrenak. Elkarrekin egin dituzten kolaborazioak ere arreta emateko modukoak izan dira: Dut taldearen Ireki ateak diskoan, esaterako, ahotsa ipini zuten biek Gazteluak kantuan.
Esan gabe doaz, Bertoldt Brecht-i biek ala biek egiten dizkioten erreferentziak; Gaueko aterbea izan zen Negu Gorriak-ek eskaini zigun lehen abestia, eta talde honen izena bera ere, aipatu berri dugun kantuaren zati batetik hartua da; Kortatuk osorik euskaraz plazaratutako lehen diskoa hartzen badugu, Laboak Ehun ginen abestiari eginiko ekarpena izan zen sonatuenetakoa; Azken Guda Dantza kontzertuan kaskamotz eta gandordunen artean ikusi genuen Marisol emaztearekin batera… “Mikel Laboa punka” zioen Patxa kolektiboak Baiona Ttipian banatu zuen pegata batek ere.
Orain arte egin zaizkion saritze eta omenaldi guztien artean, Xabier Montoiaren ekimenez plazaratutako Txerokee. Mikel Laboaren kantak (1990) txalotzen dut nik gogoz. Estilo, zapore, arrakasta desberdineko hamaika bertsioz eta Zumetaren irudiz osatutako LP hura, alegia. M-ak, Su ta Gar, Kiowak, Negu Gorriak, BAP, Karkaxa, Delirium Tremens, Tapia eta Leturia, Pottoka, Bukaera eta Katarainek, produkzioan parte hartu zuten gainerakoen antzean, batere sosik kobratu gabe biribildu zuten horixe bera. Txalotu, diot, lan sortzaile eta esperimentalaren errekonozimendua sasoi betean zenean, artean eskaintzeko asko zuenean egin zitzaiolako horrela, Laboari. Eta nola ez, ibilitakoaz gainera, oraindik jorratuko zuen bidea goraipatu nahi izan ziotelako talde hauek denek, elkar hartuta.
Krisia, langilearen egonezina edo prekarietatea eguneroko lelo eta halabeharrezko notizia bilakatzen ari diren honetan Ama hil zait abestia datorkit indartsu gogora. Atzera eta aurrera dabilkit gogoan, Mikel Laboaren doinutik Bukaera taldeak eginiko bertsio hardcorera saltoka, zurrunbilo amaigabean, gero eta zaratatsuago:
Nere ama hil zait / lanak itota / lanaren amoreagatik / hil zait / zertarako dan bizitza / jakitera iritsi gabe / Izeba ere hil da / era berdinean / hil da izeba...