Vital Kutxa Fundazioaren Gasteizko aretoan Tintin Hergeren munduan izeneko erakusketa izango da ikusgai otsailaren 15era bitartean. Tintin komikietako pertsonaia ezagunarekin lotutako 400 objektu inguru bildu dituzte erakusketan: sekula erakutsi gabeko komikiak, marrazkiak, erretratuak, figurak, Tintinen abenturetan azaltzen diren autoak... Araba Classic Club elkarteak utzi dizkio ibilgailu horiek Vital Kutxa Fundazioari: Citroen markako bi auto, Simca eta Ford bana eta Willys MB jeepa aurkituko ditu bisitariak. Jordi Tardá bildumakoak dira erakusketako objektu guztiak.