Taldea lau neskak osatzen duzue. Zaila da “neska-talde” etiketa gainditzea? Hau da, egiten duzuenagatik ezagutzea?
Baietz uste dut. Guk adibidez lehen, baterian mutil bat genuen eta berarekin oso gustura geunden. Haren ordezkoa bilatzean berdin zitzaigun mutil bat edo neska bat izatea. Karmen agertu zen eta egia da laurok neskak izanda bestelako konplizitatea daukagula, baina gurea ez da nesken aldeko kontu bat; gure helburua da musika egitea. Eta nahiko genuke jendeak hori baloratzea. Jakina, jendea musika egiten animatzen dugu, bai neskak eta bai mutilak.
“I’ve sold my soul to rock-and-roll”. Asko aldatu da zuen bizitza taldea osatu zenutenetik?
Ez horrenbeste. Seguruenik parranda gehiago egiten ditugu. Agian aldaketa handiena da musika betidanik asko sentitu badugu ere, orain bizipen hori indartsuagoa dela. Beste aldean gaude eta horrek biziagoa bihurtzen du.
Diskoa emaitza ona dela esango nuke. Gustura gelditu zarete?
Bai, oso gustura. Taldea sortu genuenean zerotik hasi ginen instrumentuak jotzen eta orduan ez genuen pentsatzen inoiz kontzerturik egingo genuenik; inoiz ez dugu helbururik jarri. Lehenengo aldia zen grabazio estudio batera sartzen ginela, eta hitz batzuk oso landuta ez dauden arren, gure ustez txukuna da egindakoa.
“When I’ll be a rock-and-roll star, then you’ll be my man”. Gizonak sufriaraztea da zuen helburuetako bat?
(Barre). Abesti hori Kristinak idatzi zuen zorigaiztoko harreman bat bizi zuela. Bestela, mutilekin ondo pasatzea eta guri afaria egitea da gustatzen zaiguna.
Diskoa autoekoiztea halabeharrez izan da edo hala nahi zenuten?
Esan beharra dago oso alferrak garela eta gainera ez genuen inongo aterik jo. Inori ezer eskatu gabe egin genuen eta puntu. Denbora eman genuen grabatzeko dirua bildu arte. Bigarren lana ere seguruenik antzera egingo dugu.