argia.eus
INPRIMATU
Izenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2009ko urtarrilaren 11

Jose Manuel Azkue organista oiartzuarra abenduaren 19an hil zen 81 urterekin. Ia 30 urtez Donostiako Koruko Andre Maria elizako organista titularra izan zen, eta 2007an EHU-Donostiako Orfeoia Saria jaso zuen. Haren aldeko hileta elizkizunak Hondarribiko parrokian egin zituzten.

 

Montxo Armendariz zinemagileak (Olleta, 1949) jasoko du Eusko Ikaskuntzaren 25. Manuel Lekuona saria, bere ibilbide oparoagatik. 1984an grabatu zuen Tasio izeneko bere lehen filma, eta orduz geroztik beste zortzi film luze egin ditu. Secretos del Corazón (1997) filmarekin lau Goya sari irabazi zituen.

 
 

Jose Migel Barandiaranek 1928an eta 1929an grabatu zituen hiru film eman dizkio Barandiaran Fundazioak Euskadiko Filmategiari: Egunpasa Urkiolan, Egunpasa Urduñan eta Ataunen filmaturiko Zeledon. Operazio magikoak eta bestelakoak Perunezarra baserrian. 16 milimetrotan grabatutakoak dira, eta bizpahiru minutu irauten dute. Barandiaran Fundazioak hamahiru zinta utzi dizkio jada Filmategiari.

 

Claude Viseux (Champagne sur Ois, 1927 - Angelu, 2008) pintore eta eskultorea pasa den azaroaren 9an hil zen. Orain, 1985. eta 2005. urteen artean egin zituen brontzezko eskulturak Donibane Lohizuneko Rotonda aretoan jarri dituzte ikusgai. Erakusketa urtarrilaren 25era arte izango da zabalik.