UrRTARRILAREN 8an emango zaio hasiera Ibarretxe Auzia moduan ezagutu denaren auzi-saioari. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Batasuneko eta PSEko hainbat buruzagi epaituko dituzte elkarrekin bildu eta elkarrizketa politikoa izateagatik. Euskal gizarteko eragile sozial eta politiko gehienek azpimarratu dute akusazioaren astakeria politikoa. Ezaguna da Espainian bestelako irakurketa politikoa dagoela, baina juridikoki ere hastear dagoen auzi honek jaso du jada jasan dezakeen kolperik latzena, arrazoi antzekoengatik Jose Luis Rodríguez Zapateroren auziperatzea atzera bota zuen iaz Espainiako Auzitegi Gorenak.
Kasu horretan, Manos Limpias ‘sindikatu’ ultraeskuindarrak auziperatu nahi izan zuen Espainiako Gobernuko lehendakaria, azken negoziazio prozesuan ETArekin eta Batasunarekin bildu eta hitz egin zuelako. Auzitegi Gorenak atzera bota zuen eskaera, Zapaterok egindakoa exekutiboaren eskumenen artean zegoela ebatziz, ez zegokiola botere judizialari halako kontrolik egitea, hori Espainiako Legebiltzarraren zeregina zela, eta beraz, hor muturra sartzea zuzenbide estatuaren kontrakoa litzatekeela.
HORI GUZTIA kontuan hartuta, alabaina, EAEko Auzitegi Gorenak azken bake prozesuko hiru erpin ospetsuetako buruzagiak auziperatzea ahalbideratu du, Espainiako Auzitegi Gorenaren ‘jurisprudentziak’ ezertarako balio ez balu moduan. Ohituta gaude, oso ohituta, Espainiako sistema judizialaren demasakerietara, baina horrek ez du harridurarako ahalmena erabat ezabatzen.
Bistan da, azaleko lehen irakurketa batean, Ibarretxe lehendakariaren aurkako kolpea eman gura da; eta bizi den hauteskunde giroan ez da gutxi hori. Baina pentsa liteke, halaber, sakonean gatazka politikoa konpontzeko elkarrizketa eta negoziazioaren bidea higatu nahi direla; munduko edozein lekutan normala dena eta Euskal Herrian ere hainbatetan saiatu dena, aurrera begira auziperagai utzi; edo epaia zuzenduko duen hiru epailetako batek horren gustuko duen esamoldean esanez, Legearen Inperioaren susmopean jarriz.
ESPAINIAKO Auzitegi Gorenak Rodríguez Zapatero auziperatzetik askatzeko botere banaketaren argudiora jo bazuen ere, EAEko Auzitegi Gorena, funtsean, Alderdi Politikoen Legearen filosofian oinarritu da, eta hori egin badu, Espainiako botere guztiek bat eginda hori posible egin dutelako izan da. Adibidez, ez da samurra irudikatzea zergatik erpinen bilera hauek zigorra merezi duten eta ez Loiolakoek, edo Batasunarekin harremanak izan dituzten eta dituzten beste horrenbeste eragilek. Hainbestetan esan den moduan, lege horren azpian oinarri juridikorik bilatzea antzarrak perratzearen gisakoa da. Dagokionean ea zer dion Estrasburgok, epai hori ere berandu baino lehen iritsiko dela baitirudi.
Hauteskundeak aipatu ditut goraxeago eta, egia esan, Ibarretxe lehendakariak, irudi aldetik sufrituko badu ere, eta Lehendakaritzak erakunde gisa sufrituko badu ere, EAJk etekin politiko agerikoa atera dezake auziaren amaieraz, inork gutxik uste baitu auzia zigorrekin amaituko denik. Eta zigorrik izatekotan ez da gaitza handiena nori egokituko zaion irudikatzea. Kontsultaren aferari ez bezala, Ibarretxek bere agintaldi luzean duintasunez eutsi dio elkarrizketa eta negoziazioaren bideari eta auzi-saioan ere elkarrizketa eta negoziazioaren balioek beharko dute defentsa hori. Egia esan, polizi diskurtso eta jardunaren indarra ikusiz, behar gorrian dira.